Gizartea -
Añelarrako osina (Nafarroa)
Frantziako espeleologoa gaur erreskatatu dezakete
Kirolariari morfina ematen diote eta horri esker jan eta lo egiten du. 04:00ak aldera esku-ohea igotzen hasi dira.
Radio Euskadi | eitb.eus
04:00ak aldera Añelarrako leizean istripua izan zuen Frantziako espeleologoaren esku-ohea igotzen hasi dira. Ezbeharra 250 metroko sakoneran izan zuen. Osinak zulo eta putzu estuak ditu eta erreskatea oso zaila izatena ari da.
Frantziako espeleologoa egonkortu dute, baina zauriak ditu, eta baliteke ornoren bat hautsita izatea ere. David Diez Euskadiko Espeleo Erreskateko koordinatzaileak Radio Euskadin azaldu duenez, arratsaldeko lehen orduan ateratzea oso iragarpen baikorra izango litzateke.
Zaurituak “funtsean berdin jarraitzen du, eta hori oso ondo dago”, azpimarratu du Diezek. “Morfina apur batekin, jan, lo egin eta berotan dago”, erantsi du.
Espeleologoaren esku-ohea 130 bat metroko sakoneran dago jadanik, Diezek zehaztu duenez.
Ia 50 pertsona erreskate dispositiboan lanean ari dira, Frantziako kirolaria erreskatatzeko. Leizean ia hiru egun eman ditu dagoeneko. Asteazkenean haitz handi batek jo eta zauritu zuen sorbaldan eta sabelaldean.
Lurrazalera ateratzen dutenean azterketa mediko sakona egingo diote.