Gizartea -
Suteak galizian
Coruñan 15 sute pizteagatik atxilotutako emakumea, espetxera
Guardia Zibilak beste pertsona bat atxilotu du Coruñako Vimianzo herrian, 100 hektarea erre dituen sutea ustez eragiteagatik.
Agentziak | Erredakzioa
Coruñako Cerceda udalerrian 15 baso-sute pizteagatik eta beste zazpi eragiten ahalegintzeagatik atxilotutako ustezko egileari behin-behineko espetxe zigorra ezarri diote. Hain zuzen ere, Coruñako 1. instrukzio-epaitegiak fidantzarik gabeko behin-behineko espetxeratze komunikatua ezartzea erabaki du.
Atxilotuak, 56 urteko emakumeak, ez du epailearen aurrean deklaratu nahi izan.
Emakumea atzo goizeko zazpietan harrapatu zuten bere etxetik atera eta zazpi sute pizten saiatu zenean. Guardia Zibilaren agenteek eta auzotar batek suguneak indargabetu zituzten eta emakumea atxilotu zuten.
Zehazki, etxetik ibilgailu batekin atera eta zazpi geraldi egin zituen, horietako bakoitzean kandela bat utziz sutea eragin zezaten.
Uztailaren 18tik martxan egon diren 15 sute piztea egozten diote. Sute horiek 22 hektarea erre dituzte, eta bere etxebizitzatik 3 kilometrora dauden hainbat herrixkatik gertu izan dira. Dirudienez, harreman txarra dauka bere bizikideekin.
Beste atxilotu bat
Guardia Zibilak beste pertsona bat atxilotu du Coruñako Vimianzo herrian, 100 hektarea erre dituen sutea ustez eragiteagatik.
Atzo arratsaldean harrapatu zuten Ponte do Porto herrian, eta balizko baso-sute bat leporatzen diote.
Ikerlarien ustez, asteazken gaueko hamaiketan 100 hektareari eragin zion sutea piztu zuen. Sute horren ondorioz etxebizitzak hustu behar izan zituzten Cures inguruan.
Epaileak aske uztea erabaki du bere aurretik pasatu ostean, baina ikertzen jarraituko duela adierazi du; horrenbestez, hamabost egunetik behin epailearen aurrean aurkezteko betebeharra ezarri dio.
1.583 hektarea erreta
Pontevedrako Arbo udalerrian piztu zen sutea, orain kontrolpean dagoena, izan da Galizian aste honetan izan diren suteen arteko kaltegarriena: 1.583 hektarea erre ditu.