Gizartea -
Historia
Orreagako Guduan hildako baskoiak omendu dituzte
Aurten, lehenengo aldiz, ekitaldi nagusia gauez egingo da, eta bertan 778. urteko gudua antzeztuko da, baita 812ko eta 824ko egintzak ere.
Agentziak | Erredakzioa
Orreagako Gudua berriro antzeztuko da gaur gauean, lehenengo aldiz Orreagan bertan. Modu horretan amaiera emango zaio egun osoko ekitaldiei; izan ere, egunean zehar borroka horretan hil ziren baskoiak omendu dituzte eta plaka bat jarri dute "historia berridazteko asmoz".
Oraingoan, gertaerak jazo ziren baino egun bat aurretik egin dituzte Etxabarrengoa Kultur Elkarteak eta Orreaga Fundazioak antolatutako ekitaldiak.
Bertsolariak izan dituen Orreagako ekitaldiaren ondotik, Ibañeta mendira igo dira, eta bertan oroitzapenezko plaka bat desestali dute gertakari horien "memoria berrekuratze aldera", eta "han gertatutakoari dagokion garrantzia aitortzeko denboran zehar iraun duenaren aurrean", azaldu du antolatzaileetako bozeramaile batek.
"Denboran zehar iraun duena 'Errolanen kanta' izan da, hiru mende geroago idatzi zena eta han gertatutakoak desitxuratzen zituena", gaineratu du. Ondoren, 778an izandako guduari eta 824ra arte (Iruñeko Erreinua sortu zeneko urtea) izandako beste biei behar zaien garrantzia aitortzearen garrantzia azpimarratu du.
Izan ere, tokian bertan Iruña eraso zuen Erroldanen omenez 1969an jarri zen oroitzapenezko eskultura bat badagoen bitartean, ez dago Karlomagnoren soldaduengandik Iruña bera babestu zuten baskoiak oroitzen dituen ezer.
Aurten, lehenengo aldiz, ekitaldi nagusia gauez egingo da, eta bertan 778. urteko gudua antzeztuko da, baita 812ko eta 824ko egintzak ere. 812an, Karlomagnoren semeak gune horretako emakumezkoak eta umeak bahitu zituen, Ibañeta zeharkatzeko garaian ezkutu gisa erabiltzeko; 824an, bestalde, Íñigo Arista baskoien errege izendatu zuten eta hark Iruñeko Erreinua eratu zuen.