Gizartea -
Sabotajea
'Zaporeak' egitasmo solidarioaren sukaldeari eraso diote Grezian
Kios uhartean dago, eta egunero 1.300 bat errefuxiaturentzako bazkariak prestatzen ditu. Sabotajea gorabehera, boluntarioek igandean ere izan zuten ohiko laguntza emateko gaitasuna.
EiTB.EUS
'Zaporeak' egitasmo solidarioa gauzatzeko egokitutako sukaleari eraso diote Grezian, Kios uhartean, larunbatetik iganderako goizaldean. Donostiako Intxaurrondoko Gastronomia Elkarteak baliabide ugari bidali ditu bertara, egunero 1.300 bazkari prestatzeko beste horrenbeste errefuxiaturentzat. Igandean, baina, janaria lurretik botata eta aurreko egunean prestatutakoa erabili ezinik aurkitu zuten bertan dauden boluntarioek; nolanahi ere, lanean jarri ziren beste behin, eta, uhartean dauden beste boluntario batzuen laguntzarekin, euren helburua lortu zuten berriro: egunero bezala, 1.300 errefuxiaturi eman zieten jaten.
'Zaporeak' egitasmoak Facebooken duen orrialdean argitaratutako bideo batean Daniel Rivas koordinatzaileak azaldu duenez, zenbait mehatxu jaso dituzte aurretik, eta azkenean gauzatu egin dituzte. Hala ere, Rivasek nabarmendu egin du boluntarioek eraso horren aurrean izandako gaitasuna; izan ere, buelta eman zioten berehala, lan handia eta oso azkar eginez.
Miguel Vallet koordinatzaileak SMH, Dorps in the Ocean eta CERST kolektiboek emandako laguntza goraipatu du: "Goizeko zazpietan mezua bidali dut, jazotakoaren berri emateko, eta ordu erdiren buruan etorriko zirela esan zuten". Minutu batzuk bakarrik behar izan dituzte igandeko menua antolatzeko, eta bazkalorduan, egunero bezala, Kioseko errefuxiatuek 'Zaporeak'en bazkaltzeko aukera izan dute bazkalorduan.
"Jakizue gaur ere jaten emango dugula", esan die Jon Garcia sukaldariak erasoa egin dutenei.