Gizartea -
Indarkeria matxista
Eraso matxisten aurrean auzokoak ohartaraztea gomendatu dute
Espainiako Gobernuaren Segurtasunerako Estatu Idazkaritzak indarkeria matxistaren biktimen segurtasuna bermatzeko protokolo berria aurkeztu du.
Agentziak | Erredakzioa
Etxean "gela gotor" bat, nork bere burua babesteko eremu seguru bat, edukitzea eta auzoko zein seme-alabekin laguntza eskatzeko seinale batzuk hitzartzea. Horiek dira Espainiako Gobernuaren Segurtasunerako Estatu Idazkaritzak indarkeria matxistaren biktimen segurtasuna bermatzeko eta horien arrisku maila balioztatzeko ezarri duen protokolo berriaren neurrietako batzuk.
Biktimei banatu eta segurtasun indarrei bidaltzen zaien txosten horrek agenteek biktima bakoitzaren arrisku mailaren aurrean (hauteman gabea, baxua, ertaina, altua eta muturrekoa) hartu beharreko neurri derrigorrezko eta osagarriak biltzen ditu.
Denetariko neurriak azaltzen dira idatzi berrian, beti aldean telefono mugikorra eramatea bezain aholku sinpleak eta erasotzailearengandik babeste aldera etxean gela seguru bat, inguru gotor bat, atontzea, esate baterako.
Adingabekoei dagokienez, erasoren bat gertatzen denean gela segurura joan behar direla irakastea proposatzen du txostenak, baita gertatzen ari denaren berri ematea eta laguntza eskatu behar dutela adierazten duen seinale bat adostea ere.
Mugikorrerako aplikazioa, defentsa pertsonala…
Larrialdietarako telefono zenbakien zerrenda bat beti eskura edukitzea, AlertCops Espainiako Barne Ministerioaren aplikazioa eskuko telefonora jaistea, (posible bada) defentsa pertsonalerako ikastaroren bat egitea eta epaileek ezarritako babes neurriak zehazten dituzten agiriak aldean eramatea ere aholkatzen du Poliziaren protokolo berriak.
Testuan, halaber, erasotzailea etxetik ateratzekotan sarrailak aldatzea eta konfiantzazko auzokoekin Poliziari deitu behar diotela adierazteko seinaleak (telefono hots kopuru jakin bat, argi pizturen bat…) adostea ere eskatzen zaie indarkeria matxistaren biktimei.
Seme-alaben ikastetxeetan eta beren lantokietan indarrean diren neurri judizialen eta, oro har, egoeraren berri ematea ere eskatzen diete biktimei segurtasun indarrek.
Gainera, lantokira joateko ohiko bidea aldatzea, gosaltzera edo bazkaltzera bakarrik ez joatea, garraiobidea hartzekotan norbaitek geltokiraino laguntzea eta, posible den kasuetan, enpresan lantokia edota ordutegia aldatzea eskatzea komeni dela ere badio idatziak.
“Gela gotorra”
Erasotzailea etxera sartzen denerako, bertatik alde egiteko ibilbide bat zehaztea eta aurretik probak egiteak ihes egiten lagun dezakeela ekartzen du gogora Espainiako Gobernuaren neurri errenkada berriak.
Batzuetan, baina, hori ez da posible izaten, eta, horrelakoetarako, Poliziari deitzeko telefonoa hartu eta “gela gotor” batean sartzea aholkatzen dute, baita erasotzaileak biktima harrapatzea errazten duten toki txikiak saihestea ere.
Abuztuaren 8ra arte, 28 emakume hil dituzte indarkeria matxista erabilita, eta sei kasu gehiago ikertzen ari dira oraindik.
Doako telefono zenbakiak
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.