Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Gizon batek bikotekidea jo du Bilbon

Ustezko erasotzailea (atxilotu egin dute) "Estatuko herri bateko zinegotzia da", Juan Maria Aburto alkateak jakitera eman duenez.

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon bat atxilotu dute gaur, asteazkena, goizaldean, Bilbon, bikotekidea jotzeagatik kalean, inguruan zeuden pertsona batzuek erasoa geldiarazi eta Udaltzaingoari gertatutakoaren berri eman ondoren.

Bilboko Udalaren arabera, erasoa 03:55ean gertatu da, Itxaropen eta Zingira kaleek bat egiten duten tokian. Bertan zeuden pertsona batzuek geldiarazi egin dute erasoa, eta Udaltzaingoari deitu zioten, horren berri emateko. Bertaratutakoan, agenteek ustezko erasotzailea atxilotu dute, genero indarkeria delitua leporatuta.

Juan Maria Aburto Bilboko alkateak gaitzetsi egin du erasoa, eta Udalbatzak elkarretaratzea egin du, Bilboko Aste Nagusian izan diren sexu-erasoak salatzeko.

Alkatearen arabera, "genero indarkeria" kasu hau "are larriagoa da erasotzailea Estatuko herri bateko zinegotzia baita", baina ez du xehetasun gehiagorik eman nahi izan: "Garrantzitsuena da bikotekideari eraso diola".

"Nabarmendu nahi dut pertsona horrek ardura publikoa duela, eta horren moduko ardura dugunoi gehiago eskatu behar zaigu", gaineratu du.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala albisteak Bilboko Aste Nagusia Bilboko azken albisteak Tratu txarrak gaur Gaurko albisteak Bizkaia Juan Maria Aburto Eguneko albisteak