Gizartea -
Udako ordutegia
Metroak gau osoko zerbitzua emango du ostiraletan ekainetik aurrera
Uztailetik iraileko asteburuetan hamabost minuturo ibiliko dira trenak Etxebarri-San Inazio artean eta ordu erdiro Santurtziraino (2. linea) eta Plentziaraino (1. linea), bi noranzkoetan.
Erredakzioa
Ekaina hastearekin batera, udako ostiralerako gaueko zerbitzu etengabeari ekingo dio Bilboko metroak. Hartara, datozen lau hilabeteotan asteburuko 48 orduetan etengabe ibiliko da metroa. Zerbitzu hori martxan jarriz ostiral gauetik igande goizera arteko garraio eskaria ase nahi dute.
Goizaldeko 02:00etatik 06:00etara 28 zirkulazio erantsiz osatuko da ostiral gauetako zerbitzu hori. Konpainiak zehaztu duenez, asteburuko zerbitzu etengabea ematen duen metro bakarra da
Estatuan, eta 65 orduz jarraian irekita dagoen bakanetako bat munduan. 2009an soilik, hogeita lau orduko 79 jardunaldi programatu zituen metroak.
Larunbat gauetako ordutegia eta maiztasunak
Ekainaren 4tik aurrera ekain, uztail, abuztu eta iraileko asteburuetako gau guztietan hamabost minututik behin ibiliko dira trenak Etxebarri-San Inazio enborrean eta ordu erditik ordu erdira Santurtziraino (2. linea) eta Plentziaraino (1. linea), bi noranzkoetan.