Gizartea -
jaialdia
Funanbulistak Tolosara itzuliko dira asteburu honetan
Dozenaka pertsonak Oria ibaia zeharkatuko dute larunbatean eta igandean, soka baten gainean.
eitb.eus
Tolosak Waterline Festival (WFT) jaialdiaren hirugarren edizioa hartuko du asteburu honetan (larunbata eta igandea), eta, bertan, dozenaka funanbulista elkartuko dira, Oria ibaia sokaren gainean zeharkatzeko.
Hain zuzen ere, slackline jaialdia izango da. Eta zer da slacklinea? Modan dagoen kirol berria da. Helburua zinta estu bat alde batetik bestera gurutzatzea da, eta sekretua orekari eustean dago.
Slacklinearen barruan modalitate ezberdinak daude; longlinea, ahalik eta distantziarik luzeena jartzea bi muturren artean; highlinea, ahalik eta altuerarik handiena egotea lurraren eta sokaren artean; waterlinea, urararen gaineko zinta, eta tricklinea, zinta gainean trikimailuak egitea dira.
Parte-hartzaileak Euskal Herritik zein atzerritik etorriko dira: Tolosa, Donostia, Bilbo, Biarritz, Italia, Suitza…
Egitarauan aurreikusitako ekimenen artean, Euskal Herriko marka (120 metro) gainditzen saiatuko dira, eta kirol honetan hasteko tailerra egingo dute.