Gizartea -
Hondarribiko jaiak
Plastiko beltzak eta kartelak, Jaizkibel konpainiaren ibilbidean
Duela 20 urte sortu zen Jaizkibel konpainia mixtoa eta geroztik alarde parekidea urtero atera da kalera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jaizkibel konpainiak plastiko beltzen artean desfilatu du, beste behin ere. Dena den, alarde parekidearen aldeko txaloak ere izan dira Hondarribiko jaietako egun handiko alardean.
Hogei urte bete dira Jaizkibel konpainia mixtoak lehen aldiz Hondarribiko kaleak zeharkatu zituenetik, eta gaur ere ohiko plastiko beltzak eta alarde tradizionalaren aldeko mezuak ("Betiko Alardea" zioten kartelak) ikusi ahal izan dira alarde parekidearen ibilbidean.
Beste behin ere, Jaizkibel konpainiak ertzain artean desfilatu behar izan du, alarde mixtoaren aldeko eta kontrakoen arteko istiluak eragozteko.
Jaizkibel konpainia 08:20an atera da Gernikako Arbolaren plazatik, Izaskun Larriskain buru zuela, euripean. Gero, Kale Nagusira abiatu dira eta bertan alarde tradizionalaren aldekoak Jaizkibel konpainiaren kontra agertu dira, eta handik Arma plazara iritsi dira.
Izaskun Landaida Emakundeko idazkaria Hondarribiko udaletxeko arkupeetan egon da gaur, Ana Alberdi idazkari nagusia lagun zuela, Jaizkibel konpainiari babesa ematen. Emakundeko ordezkariez gain, Arartekoa ere bertan izan da. Gainera, EH Bilduko ordezkaritza bat ere Hondarribira gerturatu da alarde parekideari babesa ematera, besteak beste, Xabier Olano EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen bozeramailea eta Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburua.
Bestalde, goizeko bederatziak aldera atera da alarde tradizionala eta Kale Nagusian gora txalo eta oihu artean igaro da.
5.000 soldadu inguru eta hogei konpainiatako kantinerek parte hartu dute alarde tradizionalean, eta Kale Nagusitik Arma plazara arteko bidea egin dute. Aurten, 16 urtez gastadore moduan jardun ostean, Iñaki Sagarzazu izan da alarde tradizionaleko burgumaisua.
Arma plazara iritsitakoan armak deskargatu dituzte eta puntu horretan Hondarribiko bandera gehitu da desfilera.