Gizartea -

Hondarribian

David de Jorge ETBko sukaldaria ezkondu da

Larunbat eguerdi honetan, Hondarribiako udaletxean, zibilez ezkondu da David de Jorge 'Robin Food, Atracón a Mano Armanda' egunero ETB-2n aurkezten duen sukaldaria.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

''Ogi puska den Elirekin ezkontzen naiz'', adierazi digu sukaldari ezagunak ezkondu aurretik. ''Eskolako lagun zahar batek ezkontzen gaitu, orain nire herriko alkate den Aitor Querejetak. Beraz, pozik egoteko arrazoi gehiago dauzkat''. Espreski, modu informalean jantzita joateko eskatu diete gonbidatuei, ahal bada apretak jantzita, ''oso oinetako erosoak direlako''. Baina neskei ez die horrelako mugaketarik jarri, ''neskak, eder eta lirain egongo dira, nahi duten bezala jantzita etor daitezke''.

Kale nagusian ardo batzuk hartu ondoren, bazkaria Lasarteko Martin Berasategi eta Oneka Arreguiren jatetxean ospatu da. ''Fundamentuz taxututako menua'' dastatu dute, ''familiakoak izango gara bertan, berrogeita hamarren bat'', adierazi digu.

Arratsaldean, leku berean, afari-merienda antolatu dute, eta adiskide tropa guztia bertan izango da, ''behar den bezala askaria hartzeko: txuletak, urdaiazpikoa, kroketak, baratxuri zopak, marmitakoa etab''.

''Dantzan ibiliko gara, bizitza gozatu eta sekulako jaia egingo dugu. Eta hurrengo egunean, uste dudanez, zoriontsu izango gara eta denak bonbon'', adierazi zigun ezkon aurreko urduritasun apurrik nabaritzen ez zitzaion sukaldariak.

Bere ginga ere izango du ezkontzak: ''Ah!, egun batzuetarako bidaia egingo dugu, mahasti artean ezkutatzera joango gara, etxetik gertu, Bordelera hain zuzen ere. Telefonorik eta ordenagailu eramangarririk gabe joango gara. ETB-2n jakiak prestatzen jarraitzeko ilusioz itzuliko gara'', amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea