Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Gazte batek ustez 78 urteko emakume bat hil du, Sevillan
23 urteko gizona atxilotuta dago epailearen aurretik pasatzeko zain. Dirudienez, aitak eraman du komisariara, ustezko hiltzaileak ez zuela ezer oroitzen esan duelako.
Erredakzioa
23 urteko gizon batek ustez 78 urteko emakume bat hil du lepoa moztuta, Sevillan. Emakumea eta ustezko hiltzailea bizilagunak ziren eta badirudi hil aurretik sesioan aritu zirela. Susmagarria atxilotuta dago epailearen aurretik pasatzeko zain, polizia-iturriek jakinarazi dutenez.
Atzo goizean gertatu zen hilketa Ciudad de la Oliva kaleko 3.ean, baina gaur eman dute gertakariaren berri.
Lehen ikerketen arabera, gaztearen aita atzo iritsi zen etxera asteburua kanpoan igaro ostean. Semearen logelara sartu zenean odolez zikinduta omen zegoen.
Orduan, esnatu egin zuen eta zer gertatu zen galdetu zion, baina semeak ezer ez zuela oroitzen erantzun zion. Hori horrela, aitak semea Sevillako Udaltzaingoaren komisariara eramatea erabaki zuen gertatutakoaren nondik norakoak argitzeko asmoz.
Poliziek gaztea galdekatzen zuten bitartean, patruila bat gaztearen auzora bertaratu zen eta bizilagunak galdekatu zituen. Gazte batek ustez hiltzailearekin gau osoa parrandan eman zuela aitortu zien.
Era berean, etxera itzuli zirenean laguna emakumezko agure batekin eztabaidatzen utzi zuela azaldu zien.
Poliziak berehala joan ziren emakumezkoaren etxera eta lepoa moztuta aurkitu zuten, hilda. Agenteek krimena egiteko erabili zuen labana aurkitu zuten etxetik gertuko zaborrontzi batean.