Gizartea -
Nafarroako Parlamentua
Ezcurra: 'Konplexua da Nafarroako osasun publikoan abortuak egitea'
Ginekologia arduradunak esan du Nafarroako osasun zerbitzu publikoan ezin daitezkeela haurdunaldiak eten, “horrek antolakuntza arazoak ekarriko lituzkeelako”.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ricardo Ezcurra Nafarroako Ospitale Guneko Ginekologia arduradunak adierazi du osasun zerbitzu publikoan abortuak praktikatzeak “antolakuntza arazoak” eragingo lituzkeela.
Ezcurra Foru Parlamentuan izan da gaur, Sexu eta Ugalketa Osasunerako Dekretuari buruzko azalpenak emateko.
Ezcurrak abortuari buruz hitz egin du, eta haurdunaldiak etetea “konplexua” dela esan du, batez ere 14 astetik beherako kasuetan, medikuaren ziurtagiririk behar ez delako. Jarrera horrekin Nafarroan aborturako eskubidea ezartzea oztopatu nahi duela ukatu du, eta bere lana Gobernuari “errealitatea zein den” azaltzea dela erantsi du.
Antolakuntza arazoez gain, osasun zerbitzu publikoan abortuak ez praktikatzeko beste arrazoi bat ere aipatu du: langileen kontzientzia-eragozpena.
Amaitzeko, Ezcurrak jakinarazi du haurdunaldien etete gehienak Antsoaingo klinikan egiten direla. 2015ean, 915 abortu egin ziren ziren; 2014an, 884.