Gizartea -
Abortatzeko eskubidea
Nafarroak ginekologoak kontratatuko ditu abortua bermatzeko
Oraindik ez du aukera mahaigaineratu, "ez delako ezagutzen zenbat objektore dauden ez Ginekologia Zerbitzuan ez sare osoan", Osasun kontseilariaren esanetan.
Agentziak | Erredakzioa
Fernando Dominguez Nafarroako Osasun kontseilariak atzo, asteazkena, adierazi zuenez, Osasunbidean haurdunaldia eteteko eskubidea bermatu ahal izateko ginekologoak kontratatu behar izanez gero, kontratatu egingo dira; izan ere, “profesionalen kontzientzia objekzioak ez du eskubide hori murriztuko”.
Ricardo Ezcurra Nafarroako Ospitale Guneko Ginekologia arduradunak aurreko egunean egindako adierazpenei buruz galdetu ziotenean egin zituen adierazpen horiek Dominguezek. Izan ere, osasun zerbitzu publikoan abortuak praktikatzeak "antolakuntza arazoak" eragingo lituzkeela esan zuen Ezcurrak Foru Parlamentuan egindako agerraldi batean.
Zailtasun horiei buruz galdetuta, sailburuak baieztatu zuen Osasun Departamentuak Ginekologia Zerbitzuaren egoera zein den ezagutzen zuela, baina nabarmendu zuenez, "profesionalen kontzientzia objekzioak ez du oztopatu behar erabiltzaileek erabat pertsonala den erabakia hartzeko duten eskubidea".
Hori dela eta, ginekologoak kontratatu behar izanez gero, hala egingo dutela azaldu zuen, baina oraingoz aukera hori ez dutela aztertu gaineratu zuen; izan ere, oraindik ez dakite zenbat objektore dauden ez Ginekologia Zerbitzuan ez sare osoan, Osasun kontseilariaren esanetan.