Gizartea -
Nafarroa
Abiadura handian zebiltzan hiru McLaren salatu ditu Foruzaingoak
171, 167 eta 163 km/h-ko abiaduran zihoazen, 90 km/h-ko muga duen errepide-tarte batean.
Agentziak | Erredakzioa
Foruzaingoak hiru gidariren (britainiar bi eta kanadar bat) aurkako salaketa jarri du, NA-132 errepidean (Lizarra-Tafalla-Zangoza), Larraga parean, 171, 167 eta 163 km/h-ko abiaduran zihoazelako McLaren markako hiru autotan.
Errepide-tarte horretan dagoen abiadura-muga 90 km/h-koa da, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
SOS-Nafarroan zenbait dei jaso ostean, operazio bat jarri zen martxan. Dei horien bidez hainbat gidarik jakinarazten zutenez, abiadura handian zihoazen gama altuko zazpi autok aurrea hartu zieten.
Trafikoko patruila batek radarra jarri zuen aipatu errepideko 24. kilometroan, eta hiru arau-hauste atzeman zituen, zazpi segundoko denbora-tartean. Beste lau neurketak akatsa eman zuten, abiadura kalkulatu ahal izateko ibilgailuen artean ez zegoelako gutxieneko distantzia.
Beste patruila batek Tafallan atzitu zituen aipatu gidariak, eta 600 euroko isuna eta gidabaimeneko sei puntu kentzea ekarriko dituzten hiru arau-hauste oso larri ezarri zitzaizkien. Isuna lekuan bertan ordaindu zuten.
Gidarietako bati beste isun bat ere jarri zioten, Espainian gidatu ahal izateko dagokion nazioarteko baimena ez izateagatik.
Foruzaingoak hainbat dei jaso ditu azken egunetan Los Arcos udalerriko abiadura-zirkuitutik gertu dauden herrietatik; izan ere, handik zetozen autoak.