Gizartea -
Hezkuntza
80 irakasle gehiago kontratuko dituztela iragarri du Celaak
Azken egunetan irakaskuntza publikoan sortutako mamuak uxatu nahi izan ditu gaur Hezkuntza sailak.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako egoitzan, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariekin batera agertu da Isabel Celaa Hezkuntza sailburua, datozen 2 urtetan ikastetxe publikoetako langileen lan baldintzak arautuko dituen lan akordioa sinatzera.
Bertan esan du Isabel Celaak plantila murrizketarik ez dela egongo, are gehiago, 80 irakasle gehiago kontratuko dituzte. AXUN AROZENAk ditu xehetasunak Gasteizen. Arratsaldeon.
Hezkuntza sailburuak baieztatu duenez, egoera ekonomikoa zaila baldin bada ere, datorren ikasturtean plantila murrizketarik ez da egongo Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan, alderantziz, 80 irakasle gehiago kontratatuko dituzte, hezkuntza kalitatea bermatzeko.
Ordezkapenen harira, datozen 2 urteetan ikastetxe publikoetan, hori ere idatzita geratu da. Lehenengo egunetik ordezkatuko dira, besteak beste, ordezkapen sindikalak behar dituzten irakasleek.
Bajen berri eman eta ondorengo egunetik ordezkatuko dira Haur Hezkuntzako irakasleak.
Hirugarren egunetik Lehen Hezkuntzako ingeleseko eta euskarazko irakasleak, eta laugarren egunetik aurrera ordezkatuko dira Lehen Hezkuntzako beste gaietako irakasleak, Bigarren Hezkuntzakoak eta Heziketa Profesionaleko irakasleak.
Azken egunetako beste mamu bat ere uxatuta geratu dela esan dute CCOO eta UGT sindikatuetatik.
Beste puntu garrantzitsu batzuk ere jasotzen ditu akordioak, besteak beste, orain bezala 60 urterekin jubilatzeko aukera izango dute irakasleek, eta 3.600 lanpostu ere aterako dituzte lehiaketa publikora. Puntu horiek guztiekin, akordioaren balioa defendatu du sailburuak, baita CCOO eta UGTk ere.
ELA, LAB eta STEEILAS
Kanpoan berriz, eta protesta eginaz, eskuetan pankarta bat zutela azaldu dira ELA, LAB eta STEEILASeko ordezkariak, eurek dituzten datuen arabera, murrizketak aurreikusten dira.
Eta gauzak horrela, denbora hartu nahi dute akordioaren nondik norakoak hobeto aztertzeko, baina oraingoz ez dituzte mobilizazioak baztertzen, kurtso honetan bertan ekainean edo ikasturte berrian deitu ditzakete.