Gizartea -
Genero indarkeria
Emakume bat hil dute sastatuta Espluguesen, alabaren aurrean
Biktimaren bikotekidea gaur goizaldean atxilotu dute, hilketaren ustezko egilea izateagatik.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako poliziak (Mossos d'Esquadra) ostegun gauean, 21:00ak aldera, emakumezko baten hilotza aurkitu zuten eta haren bikotekidea zaurituta Esplugues de Llobregateko (Bartzelona) pisu batean, auzotarren dei bat jaso eta gero.
Polizia gertakarien lekura bertaratu zenean, arma zuri batek eragindako zauriengatik hil zen emakume bat aurkitu zuten, baita zenbait zauri zituen gizonezko bat ere. Gizonezkoa Bellvitge herriko ospitalera eraman zuten.
Etxean biktimaren lau urteko alaba ere bazegoen; horrenbestez, Gizarte Larrialdien Zentroko psikologoei hots egin zieten, neskatxari eta agertu berria zen hildakoaren ahizpari laguntza emateko.
Gertakarien harira, ikertzaileek biktimaren bikotekidea atxilotu dute ospitalean bertan, hilketaren ustezko egilea delakoan.
_______________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.