Gizartea -
Bide jasangarria
30 kilometro bidegorri gehiago sortzea proposatu du Iruñeko Udalak
30 kilometroko bidegorria sortzeko proiektu berri bat aurkeztu du Iruñeko Udaleko Hiri Ekologia eta Mugikortasun Alorrak.
Agentziak | Erredakzioa
Ostegun honetan, irailak 29, Iruñeko Udaleko Mugikortasun Alorrak mugikortasun jasangarria bultzatzeko plan bat aurkeztu du. 2019ra arte, 4 milioi euroko inbertsioa egingo dute bidegorriak (30 kilometro gehiago egitea proposatu dute) eta garraio publikoek erabiltzeko errei esklusiboak (autobus-erreiak) sustatzeko.
Soilik autobus publikoek erabili ahalko duten errei esklusiboa eta, errepidearen bi aldeetan, bidegorri bat egin nahi dute Burlata-Barañain ardatzean, eta Pio XII.aren Bulebar Jasangarria delakoan ere jardutea aurreikusi dute. Ardatz horietan, erreien zabalera murriztea ere aurreikusi dute, ibilgailuen abiadura moteltzeko eta oinezkoei mesede egiteko.
Alde horretatik, “Iruñeko errepide nagusietan bide jasangarriak sortu eta garraio publikoa sustatu” nahi dutela esan du Alexia Canto Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkariak.
Era berean, bidegorri “segurua, erosoa eta erakargarria” sortzeko asmoa dute, trafiko handia dagoen puntuetan bizikletak eta ibilgailuak bereizteko.
Cantok proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu. Hala, zazpi ardatz nagusik osatzen dute 30 kilometroko bidegorria: Burlata-Barañain, Pio XII, Berriozar-Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Sanduzelai-Nafarroako etorbidea, Txantrea-Erdigunea, Marcelo Celayeta-Atarrabia eta Sancho VII.a Azkarra.
Iruñeko Udaleko Hiri Ekologia eta Mugikortasun Alorreko arduradunek azaldu dutenez, proiektuak lau milioi euroko inbertsioa izango du.