Gizartea -
Sextortsioa
Sexu-estortsioa egiten duen mafia bat salatu dute Araban
Hainbat pertsonak salaketa jarri dute Araban, sexu-estortsioa egiten duen mafia baten biktima izan direlakoan. 2.500 euro eskatu dizkiete.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hainbat pertsonak salaketa jarri dute Araban, sexu-estortsioa egiten duen mafia baten biktima izan ondoren. Antza denez, mafiak harremanetarako plataforma bat baliatzen zuen biktimei estortsioa egiteko. Biktimen konfiantza eskuratutakoan, bideo sexuala grabatzen zuten eta, gerora, 2.500 euro eskatzen zizkioten irudiak ez argitaratzearen truke.
Espainiako Gobernuak Araban duen Ordezkaritzak zehaztu duenez, bi salaketa jarri dituzte Guardia Zibilaren aurrean, eta izapideak hasi dituzte gertaturikoa argitzeko.
Halaber, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi du beste hainbat salaketa aurkeztu dituztela Ertzaintzaren bulegoetan.
Antza denez, harremanetarako webgune bat baliatzen du ustezko mafiak xantaia egiteko. Biktimen konfiantza eskuratutakoan, emakume bat Skype bidez harremanetan jartzen da biktimarekin.
Gerora, emakumeak masturbatzeko eskatzen die biktimei, eta, helburua lortuta, bideo-deia eten egiten du. Gainera, biktimek ez dute aipaturiko emakumearekin berriz harremanetan jartzeko modurik izaten.
Biktimak bideo sexuala ageri den mezu elektroniko bat jaso ohi du, eta 2.500 euro ordaintzeko eskatzen zaio berau ez argitaratzearen truke.
Guardia Zibilak eta Ertzaintzak ikerketa abiatu dute estortsioaren egileak identifikatu eta aurkitzeko.