Gizartea -

Gertakaria

Bi motor erre dituzte Donostian, eta ustezko egilea atxilotu dute

Bizikletan zihoan eta gasolinaz betetako botila bat zeraman gizonezko bat atxilotu dute suteak izan diren lekutik gertu.

Ez da lehen aldia Gros auzoan motorrak erretzen dituztena. Argazkia: Euskadi Irratia
Ez da lehen aldia Gros auzoan motorrak erretzen dituztena. Argazkia: Euskadi Irratia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi motor erre dituzte bart Donostian, Intxaurrondo eta Gros auzoetan, eta Ertzaintzak sua piztu omen duen gizona atxilotu du, Donostiako Udaleko iturriek eitb.eus-i jakinarazi diotenez.

Iturri horien arabera, Extremadura kalean (Intxaurrondo) motor bat erretzen ari zela jakin du Donostiako Udaltzaingoak goizaldean, 04:00ak aldera . Suhiltzaileek sutea amatatu dute, baina motorra kiskalita geratu da, eta garrek kalteak egin dituzte haren ondoan zegoen beste batean.

Handik minutu gutxira, beste motor bat erre da Nafarroako etorbideak eta Marino Tabuyo kaleak bat egiten duten biribilgunean (Gros auzoa).

Lehenengo gertakariaren lekuko batek emandako deskribapenari eta Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetzari esker, sute horien ustezko egilea atxilotu du polizia autonomikoaren patruila batek Gros auzoan, bigarren motorra erre den lekutik gertu.

Bizikletan zihoan eta gasolinaz betetako botila bat zeraman 50 urte inguruko gizon bat da atxilo hartutakoa.

Udalaren esanetan, Gros auzoan aurretik izan diren antzeko gertakariekin zerikusirik duen ikertzen ari dira orain.

Apiriletik, 43 motor (45, gaurkoak kontatuz gero) erre dituzte Donostian.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala albisteak Donostia albisteak Ertzaintza