Gizartea -
Ikerketa
Ukatu egin dute Maria Villarren bahiketa kartzelatik prestatu izana
Mexikoko Fiskaltzak ukatu egin du hilketaren inguruan kaleratutako azken informazioa, eta oraingoz atxilotu bakarra dagoela gogoratu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mexikoko Fiskaltzak ukatu egin du preso batek kartzela barrutik Maria Villarren bahiketa eta hilketa prestatu izana.
Televisa hedabideak zabaldutako informazioaren arabera, Oriente kartzelako preso batek prestatu omen zuen Maria Villar Galaz getxoztarraren bahiketa eta hilketa, eta Mexikoko Prokuradoretza Orokorra aipatu du iturri gisa. Fiskaltzak, baina, ezezkatu egin du informazio hori.
''Hedabideetan zabaldutako informazioa ez da ageri ikerketaren txostenean'', adierazi du Fiskaltzak ohar baten bidez. Bertan gogoratu duenez, oraingoz pertsona bakarra atxilotu dute hilketarekin zerikusia delakoan.
Ikerketa
Edonola ere, gutxienez bi pertsonak hartu zuten parte Maria Villar getxotarraren bahiketan eta hilketan, tartean ostegunean atxilotutako Oscar Saul "N", iturri ofizialek orain egun batzuk baieztatu zutenez.
Gustavo Salas Antolatutako Delinkuentziarako Azpiprokuradoretzako arduradunak prentsaurrekoan azaldu zuenez, "froga zuzenak" dituzte Oscar Saulen parte-hartzeari buruz. Saul epailearen aurrera eraman eta dagoeneko kartzelara bidali dute.
Bahiketaren helburu bakarra etekin ekonomikoa lortzea zen, eta Villar hiltzea egun batetik bestera erabaki zuten, Salasek azaldu duenez. Hipotesi horrek, Villarren hilketan erabili zuten gehiegizko indarkeria frogatuko luke.
Maria Villar irailaren 13an bahitu zuten, Mexikon, eta handik bi egunera hil zuten. Gorpua irailaren 15ean topatu zuten Santiago Tianguistencoko erreka txiki batean, Tolucan, baina egun batzuk igaro arte ez zuten identifikatu.