Gizartea -
jazoera
Bi gazte atxilotu dituzte Donostian, zortzi autori kalteak egiteagatik
04:30ean atxilotu dituzte, Amara Berri auzoko Jose Maria Salaberria kalean.
Agentziak | Erredakzioa
20 eta 21 urteko bi gazte atxilotu dituzte Donostian, Amara Berrin aparkatuta zeuden hainbat autori (gutxienez zortzi) kalteak eragiteagatik. Hala jakinarazi du Segurtasun Sailak.
04:30ean, Ertzaintzak telefono-deia jaso du, Jose Maria Salaberria kalean zenbait pertsona hainbat ibilgailutan kalteak eragiten ari zirela jakinarazteko.
Patruila bat bertaratu da, eta egiaztatu du aparkatuta zeuden autoetako zortzik atzerako ispiluak hautsita zituztela eta moto bat iraulita zegoela.
Inguruak ikuskatu ostean, ustez kalteak eragin dituzten ezaugarriekin bat zetozen bi gazte aurkitu dituzte handik gertu dagoen plaza batean.
Susmagarriak identifikatu eta atxilotu egin dituzte, kalteak egin izana leporatuta.