Gizartea -
BIZKAIA
Bi zaldiren heriotza salatu dute Bedian
Aprova talde animalistaren hitzetan, jabearen 'utzikeriagatik' hil dira animaliak, ez zituelako behar bezala zaindu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bediako zalditegi batean bi zaldi 'utzikeriagatik' hil direla salatu du Aprova talde animalistak. Pedro Maza hipika klubean zendu dira bi animaliok, asteon.
Agiri baten bidez talde animalistak jakitera eman duenez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailean eta Bizkaiko Foru Aldundiko Abeltzaintza Departamentuan jarri dituzte salaketak. Bertan jasotzen denez, animaliak ez zeuden behar bezala zainduta eta jabeak ez zien eskaini behar zuten arreta.
Elkarte horrek salatu duenez, zaldiek "muturreko argaltasuna zuten, jabea ez baitzen horietaz arduratzen". Foru Aldundiko 13 langilek bi zaldien hilotzak erretiratu zituzten joan den hilaren 13an.
Zaldietako bat urriaren 9tik 12ra zelaian etzanda, hilzorian, egon zela salatu du Aprovak: "Egun horietan inor ez zuen animalia zaindu, eta, azkenean, asteazkenean hil egin zen".
Aprovak salatu duenez, Aldundiak baieztatuta, hipika klubean dauden gainerako zaldiak ere oso argal daude, eta jabeak bere burua zuritu du, "egoera ekonomiko txarrean" dagoela esanez.
Animalien babeserako elkarteak zigor-espedientea irekitzeko eskatu du, jazotakoagatik erantzuleen ardura argitzeko.