Gizartea -
Bizkaiko enpresa batek
Ibilgailu elektrikoak kargatzeko sistema berria aurkeztu dute
Estazio bakoitzak bi ibilgailu karga ditzake aldi berean. 100 kilometroko bidea egiteko sei ordutan kargatu ditzake autoak.
Erredakzioa
Ibilgailu elektrikoak kargatzeko aurreneko sistema aurkeztu du gaur goizean Ingeteam Zamudioko enpresa taldeak. Izan ere, enpresa bizkaitarrak garatutako sistema berria da. Estazioak kalean edota garajeetan instalatu ahal izango dira.
Enpresako arduradunek Norbegiako Think enpresak ekarritako ibilgailu elektriko bat kargatu dute gaur goizeko agerraldian, Iruñean.
Erabiltzalea nor den jakiteko sistema berezia dauka estazio honek. Modu honetan, ibilgailuak eta estazioak bandalismo ekintzetatik babestu nahi dituzte.
Ingeteam-en arabera, ibilgailu elektrikoak merkataritza guneetan, aparkaleku publikoetan edota kalean kargatzea nahiago dute erabiltzaileek, "batzuk garajerik ez dutelako edukiko".
Estazio bakoitzak bi ibilgailu karga ditzake aldi berean. 100 kilometroko bidea egiteko sei ordutan kargatu ditzake autoak. Bigarren sistema bat erabiliz, karga hori bi ordutara murriztu dezake. Japonian karga sistema bat garatu dute dagoeneko. Jarraikako korrontea erabiliz, 80 kilometro egiteko karga 20 bat minututan egiten dute. Egitasmo horretan ere Ingeteam enpresak parte hartu du. "Denbora gutxi barru", mota honetako produktuak eskaintzea espero du Bizkaiko enpresak. Ingeteam taldeak Zamudioko Parke Teknologikoan dauka bere egoitza. Guztira 28 enpresek lan egiten dute talde horretan, 3.500 langilerekin.