Gizartea -

Granaketan euskal kostaldean

'Game Of Thrones' Barrikan da jada, misterioan murgilduta

Asteazken honetan hasiko dira grabatzen Muriolako hondartzan, eta ostegunetik larunbata arte izango dira Gaztelugatxen. Aktoreek Bilbon hartu dute ostatu.

Barrikan ekingo diote 'Game of Thrones' telesaila filmatzeari

3:34

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barrikako Muriola hondartzan abiatuko du 'Game Of Thrones' telesail ezagunak Euskal Herriko kostaldean zehar egingo duen grabaketen ibilbidea.

Hala, ekoiztetxeak jada dozenaka lagunez osatutako ekipoa bidali du bertara. ''Ez dute grabaketaren inguruan ezer baieztatu, ezta zenbat egunetan izango diren bertan ere. Baina litekeena da bi egun inguru izatea'', esan zuen asteartean Roberto Muñoz Barrikako alkateak.

Muñozek uste du gaur bertan hasi daitekeela grabaketa.

Zehazki, 50 bat kamioi elkartu dira inguruetan, eta makillaje set-ak eta kamerinoak jarri dituzte bertan jada. Aktoreak astelehenean iritsi ziren Bilbora eta, EiTBk jakin ahal izan duenez, Carlton hotelean hartu dute ostatu. Han ikusi ahal izan dute, besteak beste, Peter Dinklage aktorea (Tyrion Lannister telesailean).

Hurrengo agertokia: Gaztelugatx

Fresco Films etxeak erabateko hermetismoari eusten dio grabaketen inguruko xehetasunei dagokienez, tartean datak, ordutegiak eta tokiak. Edonola ere, jakin badakigu Barrikaren ostean Gaztelugatxera joko dutela, eta handik Zumaiara.

Oraingoz, Bakioko Udalak bakarrik baieztatu du Gaztelugatxeko grabaketa ostegunetik larunbatera bitartean egingo dutela. Bakioko Benta aparkalekuan karabanak jarriko dituzte, eta hor egongo dira makillajerako set-ak, jantzitokiak, kamerinoak eta bulegoak, Udalak berak jakitera eman duenez. Kanpamentua aparkalekuaren behealdean egongo da, eta tokia heziz inguratuko dute, "pribatutasunari" eusteko, Udalak gaineratu duenez.

Ostegunean hasiko dira entseguak eta grabaketak zuzendariekin, eta aktoreekin eta, ondorioz, Urizarretatik Gaztelugatxera doan oinezkoa bidea itxi egingo dute. Halaber, gune turistiko ezagun horretara heltzeko sarbide guztiak moztuta egongo dira, Udalak adierazi duenez.

Estrak

Oraingoz, telesailak 200 gizonezko hautatu ditu euskal kostaldean egingo dituzten grabaketatan estra moduan aritzeko. Zumaian eta Bermeon hainbat lagun bildu ziren, figurante, zaintzaile edo peoi gisa aritzeko asmoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bakio Bermeo Gizartea albisteak Zumaia bideoak Gaurko azken ordukoa