Gizartea -
Urriaren 31an
322 postu jaki gozoez lepo Gernikako Azken Astelehenerako
Gazta, barazkiak, txakolina, ogia, euskal pastela, kontserbak, frutak, eztia, esnekiak, erroskillak eta sagardoa, besteak beste, antzinako feriaren parte-hartzaileen eskura egongo dira.
agentziak
322 postuk osatuko dute gaur Gernikako Azken Asteleheneko eskaintza gazta, barazkiak, txakolina, ogia, euskal pastela, kontserbak, frutak, eztia, esnekiak, erroskillak eta sagardoa bertaratuko diren milaka pertsonen eskura jarrita. Gainera, herri bizkaitarrak produktuen lehiaketak eta esku-pilota eta zesta punta partidak hartuko ditu.
Gernika-Lumoko Udalak eta Kutxabankek antolatutako azokan, postu gehienak (64) Artekale kalean izango dira, beste 50 Pasealekun, 48 San Juanen, 38 Industrian eta 30 Juan Calzadan.
Antolatzaileek adierazi dutenez, aurten ere gazta saltzeko postuak izango dira jaun eta jabe, 64 saltokiekin. Artisautza postuak 50 izango dira, barazkiak 48, txakolina 19, eta ogia eta euskal pastela 19 postutan topatu ahal izango dira. Gainera, kontserbak, makinak, frutak, landareak, eztia, esnekiak, erroskillak eta sagardoa izango dira.
Era berean, barazki, fruta, landara, txakolin, ezti eta gazta lehiaketak egingo dituzte, ohiko esku-pilota eta zesta txapelketez gain.
Aldaketak zirkulazioan
Azken Astelehena dela eta, zirkulazioa eten eta desbideratu egingo dute zenbait kaletan.
Hala, Adolfo Urioste kalean, Artekalen, Juan Calzadan eta San Juan kalean ibilgailuen joan-etorria eten da.
Gainera, aipatutako kaleak asteartean ere egongo dira itxita, garbiketa lanak egin ahal izateko.
Zerbitzu berezia
Euskotren sozietate publikoak tren zerbitzu bereziak eskainiko ditu Bilbao-Bermeo linean, Gernikan ospatuko den Urriko Azken Asteleheneko azoka dela eta, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.
Horrela, trenak 30 minutuan behin ibiliko dira Bilbo eta Bermeo artean ia egun osoan. Gainera, Bilbo-Gernika eta Zornotza-Gernika zirkulazioek 15 minutuko maiztasuna izango dute jenderik gehieneko momentuetan.
Gaueko zerbitzuari dagokionez, trenak izango dira Gernika eta Bermeo artean 01:00, 04:00 eta 06:30ean, eta Gernika eta Bilbo artean 01:45, 04:45 eta 06:45ean. Gaur trenek ez dute Lurgorri eta Institutua geralekuetan geldialdirik egingo.
Informazio gehiago behar duten erabiltzaileek Euskotrenen honako telefono zenbaki honetara dei dezakete: 902 543 210. Horrez gain, informazioa jaso dezakete geltokietan eta geralekuetan, www.euskotren.eus webgunean eta @euskotrenEJGV Twitter gunean.