Gizartea -

haur pornografia

Mungiako bizilagun bat espetxeratua, eduki pedofiloak partekatzeagatik

Internet bidez partekatzen zituen 10.000 argazki eta bideo baino gehiago zituen.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haur pornografia delituagatik kondenatutako gizonezko bat espetxeratu egin zuten atzo, Gijonen atxilotu ostean; izan ere, Internet bidez partekatzen zituen 10.000 argazki eta bideo baino gehiago aurkitu zizkioten.

Bilboko zigor-arloko 7 zenbakiko epaitegiak igorritako betearazpen-agindu bati jarraituta atxilotu zuten. Betearazpen-agindu horrek Bilboko beste epaitegi batek joan zen maiatzean ezarritako epaia zuen oinarri, eta epai horrek bi urteko espetxe-zigorra ezarri zion akusatuari, baita sufragio pasiboko eskubidea izateko aukera kendu ere.

Horrez gain, adingabeen irudiak zituen disko gogorra eta gainerako gailu elektronikoak atzitzeko agindua ezarri zuen aipatu ebazpenak.

Gizonezkoa izatez asturiarra da; alabaina, 2013ko maiatzean fitxategi pedofilo horiek banatzeko delitua egin zuenean Mungiako Laukariz auzoan bizi zen, alokairuan.

Bilboko epaitegiak frogatutzat jo zuen akusatuak telefono bidezko Internet-konexio bat zerabilela "haur pornografiazko edukiak zituzten milaka fitxategi" sareko gainerako erabiltzaileekin partekatzeko, eta "jakitun zela" egiten ari zenaz.

Bere etxebizitza arakatu zutenean, agenteek "akusatuarenak ziren ordenagailu bat eta beste zenbait froga informatiko" atzitu zituzten, eta horien artean zeuden haur pornografiazko edukiak erakusten zituzten argazki eta bideo esplizituak.

Frogatutzat jo ziren egintza horiek oinarri izanik, Fiskaltzak eta akusatuaren abokatuak bi urteko espetxe-zigorra adostu zuten, eta horri jarraituta atxilotu eta espetxeratu zuten atzo.

Gizonezko hori uztailean ere atxilotu zuten Gijongo kiroldegi batean ustez adingabeen irudiak grabatzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Mungia Delituak argazkiak Gizartea bideoak Albisteak