Gizartea -

Beheranzko joera, berretsita

Delinkuentziak % 3 egin du behera EAEn, 2016ko lehen bederatzi hiletan

1.000 biztanleko, 27,89 arau-hauste egin dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2016an, irailaren 30era arte. Hala ere, Ertzaintzak ustezko delitugile gehiago utzi ditu epaileen aurrean.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Delinkuentziak % 3,08 egin du behera Euskal Autonomia Erkidegoan 2016ko lehen bederatzi hilabeteetan, 2015eko aldi berarekin alderatuta, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak emandako datuen arabera. Jaitsiera horrek ia sei urteko joera positiboa finkatzen du.

Aurtengo urte hasieratik irailaren 30era arte, Ertzaintzak guztira 61.068 arau-hauste penal ikertu ditu, aurreko urtean baino ia bi mila gutxiago. 1.000 biztanleko, 27,89 arau-hausteko tasa geratu da aurten, eta joan den urteko tasa 28,78koa izan zen. Gainera, esan bezala arau-hausteak gutxitu diren arren, ustezko delitugile gehiago jarri dituzte epaileen esku: 2.500 gehiago (+% 14,6), hain zuzen ere.

Homizidioei dagokienez, sei izan dira lehen bederatzi hilabete hauetan, eta joan den urtean hamar izan ziren. Ertzaintzak sei kasuak argitu ditu, eta epailearen aurrera eraman ditu egileak.

Lesioen arloan (+% 0,15), familia barruko tratu txarrak jaitsi egin direla (-% 7,78) nabarmendu du Segurtasun Sailak. Torturarekin eta integritatearen kontrako delituekin lotzen diren arau-hausteen arloan (-% 4,25), familia barruko ohiko tratu txarrak murriztu egin dira (-% 3,95).

 

Sexu-askatasunaren kontrako arau-hausteak ere nabarmen murriztu dira (-% 5,11), bereziki, sexu-eraso gisa tipifikatuta daudenak (-% 12,87).

Ondarearen kontrako ekintzei dagokienez (+% 1,40), etxeetan indarra erabilita egindako lapurreten kopurua % 12,22 jaitsi da eta, horien barruan, trastelekuetan eta garajeetan gertatutakoak gutxitu dira gehienbat (-% 30,03). Alta, gehien ibilgailuen lapurretak (+% 14,07) eta iruzurrak (+% 10,00) ugaritu dira.

Gainerako arau-hauste penalak jaitsi egin dira, oro har hartuta: segurtasun kolektiboaren kontrakoak (-% 2,69) eta, horien barruan, droga-trafikoa (-% 5,11), ordena publikoaren kontrako egintzak (-% 30,49) eta beste arau-hauste penal gisa sailkatutakoak (-% 27,77)

Ustezko delitugile gehiago, epaileen aurrean

Nahiz eta, datuon arabera, delitu kopurua murriztu egin den, Ertzaintzak ustezko arau-hausle gehiegao eraman ditu epailearen aurrera. Joan den urtean, 17.055 erruztapen izan ziren, eta 2016an 19.555 erruztapen izan dira dagoeneko (+% 14,60).

Esparru geografikoa

Arau-hauste penalen kopurua EAEko hiru lurraldeetan jaitsi da: Araban -% 5,04, Bizkaian -% 1,37 eta Gipuzkoan -% 5,63.

Gauza bera gertatu da, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko hirigune nagusietan, Bilbon izan ezik: Gasteizen -% 6,96, Donostian -% 6,55, Barakaldon -% 5,31, Getxon -% 14,56 eta Irunen -% 2,97. Bilbon soilik igo da (+% 3,60), ebasketen eraginez batez ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea