Gizartea -

Donostian

4 urteko kartzela zigorra beste gizon baten nortasuna bere egiteagatik

Homosexualen arteko web batean beste gizonezko baten nortasuna erabiltzeagatik 4 urteko kartzela zigorra egotzi dio epaileak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako epaitegi batek lau urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio gizonezko bati, Internet bidez ezagututako beste gizon baten posta elektronikoan sartu eta homosexualen arteko harremanetarako web batean bere nortasuna erabiltzeagatik.

Gertaera honen inguruko epaiketa atzo egin zuten, Gipuzkoako hiriburuan. Fiskalak eskatutako zigorra onartu egin zuen auzipetuak, nortasuna usurpatzea eta merkataritza-agiri faltsua erabiltzeagatik.

Interneten bidez ezagutu zuten elkar, 2005. urtean. Izan ere, "erlazio birtuala" hasi zuten, "komunikazio informatikoei esker".

Urte horretako maiatzean, auzipetua kaltetuaren posta elektronikoan sartu eta bertatik biktimaren kontaktuei mezuak bidali zizkion.

Horrez gain, egindakoa iragartzeko, biktimari berari mailak bidali zizkion, bere joera homosexualak goraipatuz eta horiei buruz bere neska-lagunari informazioa igorriko ziola adieraziz.

Auzipetuak posta elektronikora sartzeko gakoak ere aldatu egin zituen.

2006ko urtarrila bitartean, biktimaren datuak eta argazkiak erabili zituen auzipetuak homosexualen arteko harremanetarako web batean. Biktimaren izena erabiliz, web orriko harpideduna izatea lortu zuen. Orain, gizonezkoak egindakoa onartu du. Ondorioz, bi urte eta erdiko kartzela zigorra bete beharko du, biktimaren nortasuna bere egiteagatik. 3.240 euro ere ordaindu beharko ditu. Horrez gain, 21 hilabeteko kartzela zigorra egotzi dio epaileak, merkataritza-agiri faltsua erabiltzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea