Gizartea -
Loiuko aireportua
Behe-lainoak 22 hegaldi bertan behera utzi ditu aste honetan, Bilbon
Ezohiko behe-laino itxia itsasotik sartu eta iragan larunbatean, urriaren 29an, arazo larrienak sortu zituen Bilboko aireportuan. Zalantzarik gabe, unerik okerrena izan zen Loiun.
eitb.eus
Bilboko aireportuari eragin dion behe-laino itxiak 22 hegaldi bertan behera utzi ditu aste honetan. Gainera, beste 29 hegaldi Loiutik desbideratu behar izan dituzte, eta beste hainbatetan atzerapenak sortu ditu iragan larunbatetik gaurdaino.
Unerik okerrenak iragan larunbateko gaualdera bizi izan zituen Bilboko aireportuak. Orduan ezohiko behe-laino itxia itsasotik sartu eta 9 hegaldi bertan behera utzi zituen. Gainera, beste 11 hegaldi desbideratu behar izan zituzten.
Igande goizean eta arratsaldean behe-lainoa nagusi izan zen. Ondorioz, bost hegaldi bertan behera utzi behar izan zituzten, eta beste zortzi desbideratu.
Astelehen goizean behe-lainoak eta aurreko egunean desbideratutako hegazkinen gabeziak beste lau hegaldi bertan behera utzi zituzten.
Atseden txikia
Ondoren, eguraldiak atseden txiki bat eman zion Loiuko aireportuari; izan ere, ostegun arratsaldera arte operazioak normaltasunez aurrera eraman ahal izan zituen, baina behe-lainoa ostegun gauean itzuli zen Bizkaiko kostaldera eta beste zazpi hegaldi desbideratu behar izan zituzten.
Gaur 08:30 arte behe-lainoa ez da desegin eta beste hiru hegaldi desbideratu behar izan dituzte. Era berean, beste lau hegazkinen aireratzea bertan behera geratu da, Aenako iturriek zehaztu dutenez.