Gizartea -
Ertzaintza
Gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen kutxazainak manipulatzeagatik
Atxilotuak zepoa jartzen zuen billeteak irtetzen diren artekan, eta dirua harrapatuta geratu ostean, dirua lapurtzeko aprobetxatzen zuen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
32 urteko gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen banketxe bateko kutxazain automatikoak manipulatzea leporatuta. Atxilotuak zepoa jartzen zuen billeteak irtetzen diren artekan eta, dirua harrapatuta geratzen zela ikusita, erabiltzaileak alde egiten zuenean, atxilotua diruarekin geratzen zen.
Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez, beste hainbat udalerritan, tartean Bilbon, Durangon, Burgosen eta Miranda de Ebron, izandako antzeko jazoeretan atxilotuak parte hartzerik izan duen ikertzen ari da Ertzaintza.
Segurtasun Sailaren arabera, larunbat honetako 15:00ak aldera banketxe baten deia jaso du Ertzaintzak, lagun batek Lakuan kokatutako kutxazain automatiko bat manipulatu zuela salatzeko.
Ertzaintzak zaintza dispositiboa abiatu du, eta susmagarria aurkitu eta identifikatu du. Gainean zeraman zepoa eta dirua ikusita, bertan atxilotu du. Gaur goizean epailearen aurrera eraman dute.