Gizartea -
Ekimen solidarioa
DiabetesCERO Bizkaiak Everestera igotzea proposatzen du, baina Bilbon
Azaroaren 12an elkarteak Everestera erreleboka igotzeko lehen igoera egingo du… Bilbotik atera gabe, diabetesa ikusarazteko eta gaixotasuna ikertzeko dirua biltzeko.
EiTB.EUS
Azaroaren 14a Diabetesaren Munduko Eguna dela-eta, DiabetesCERO elkartearen Bizkaiko ordezkaritzak Everestera erreleboka iristeko lehen igoera antolatu du... Bilbotik atera gabe. Azaroaren 12an egingo dute, eta diabetesa ikusarazi eta gaixotasuna ikertzeko dirua bildu nahi dute ekimen horrekin.
Parte-hartzaile guztien artean munduko mendirik garaienak dituen metroak (8.848) igo nahi dituzte Bilbon, Salbeko zubiko eskailerak igoz. Igoera 09:30etik 18:30era egingo dute, eta ehunka lagunek parte hartu ahalko dute bertan, txandaka, helburu hori lortzeko igo behar diren metro guztiak denen artean eginez.
Lehenengo erreleboa Juan Mari Aburto Bilboko alkateak egingo du, eta ekimenean parte hartu nahi dutenek elkarteak bertan jarriko duen karpan izena emateko eta errelebo bat egiteko aukera izango dute, eta, bide batez, elkarteari lagunduko diote horrela.
2017ko apirilean ‘DiabetesCEROren I. Kongresu Nazionala: Ikerkuntzarako Laguntzak’ izeneko topaketa egingo dute, eta Bilboko ekimenarekin biltzen den dirua diabetesa ikertzeko hautatzen diren proiektuak finantzatzeko erabiliko da.
Elkarteak azpimarratu duenez, ariketa fisikoa egitea oso garrantzitsua da, sedentarismoa eta diabetesa saihesteko gakoetako bat baita.