Gizartea -

Mexiko

Beste atxiloketa bat, Maria Villarren bahiketa eta hilketa dela eta

Gizon bat atxilotu dute Tezoyuca herrian. Irailean hartu zuten atxilo lehen susmagarria.

Jendetza bildu zen getxoztarraren aldeko hiletan. EFE
Maria Villar. EFE
Jendetza bildu zen getxoztarraren aldeko hiletan. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mexikoko Polizia Federaleko agenteek gizon bat atxilotu dute Maria Villar Galaz getxoztarra bahitzea eta hiltzea egotzita, Segurtasuneko Batzorde Nazionalak jakinarazi duenez.

Villar hilda agertu zenetik egin duten bigarren atxiloketa da, hilabete horretan Oscar Saul izeneko susmagarria atxilotu baitzuten.

Erakundeak ohar batean adierazi duenez, Mexikoko Polizia Federalaren Ikerketa Dibisioak egindako ikerketen arabera, "asteartean atxilotutako gizona bahiketaren eta hilketaren ustezko egilea da".

Ikerlariek bigarren susmagarri honen kokalekua zehaztuta, Tezoyuca herria inguratu dute agenteek, eta gizona atxilotu dute "tiro bat ere bota gabe". Epailearen esku utzi dute jada.

Ikerlarien hitzetan, gutxienez bi pertsonak parte hartu zuten getxoztarraren bahiketan eta hilketan. Horietako bat da Oscar Saul 'N' ezizeneko eta iraila amaieran atxilo hartutakoa.

Bahiketa "dirua lortzeko" egin zuten gaizkileek, eta gerora, "aurretik planifikatu gabe" hartu zuten biktima hiltzeko erabakia.

Maria Villar Galaz getxoztarrak 39 urte zituen, eta Angel Maria Villar Espainiako Futbol Federazioaren presidente eta orain dela gutxira arte UEFAren jarduneko presidente izan denaren loba zen.

Irailaren 13an bahitu zuten, taxi bat hartu eta gero, Santa Fe inguruan, Mexikoko IBMren bulegoen aurrean, bere lantokian, eta bi egun geroago agertu zen hilik Mexikoko estatuan, Santiago Tianguistenco herriko errekasto batean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Getxo berriak Delituak bideoak Bahiketak bideoak Gizartea bideoak Mexiko Eguneko albisteak Albisteak Erailketak