Gizartea -

Gasteiz

Adin txikikoen ustezko prostituzio-sare bat ikertzen ari dira Araban

Antza denez, adin txikiko horiek Arabako Foru Aldundiaren zaintzapean daude. Segurtasun Sailak EiTBri baieztatu dionez, gizon bat espetxeratu dute, dozenaka gazteri abusuak egin izana egotzita.

Sansoheta zentroa. Argazkia: EiTB
Sansoheta zentroa. Argazkia: EiTB
Adopzioetarako balorazioak egin izan dituen psikologoa da atxilotua

1:25

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintza Arabako Foru Aldundiaren zaintzapean dauden gutxienez bost adin txikikorekin lotutako prostituzio-sare bat ikertzen ari da. Auzi horregatik dagoeneko psikologo bati espetxe prebentiboa ezarri diote.

Arabako Foru Aldundiaren Sansoheta zentroko (Gasteizen) zuzendariak salatu zuen kasua urriaren 6an, zenbait gazterekin izandako tutoretza-bileretan jarduera susmagarriak egiten zirela jakin ostean.

Hori horrela, Ertzaintzak deklarazioa hartu zion adin txikiko neska bati, eta hark baieztatu zien Arabako hiriburuko etxebizitza batean diruaren truke sexua praktikatzen zuela eta beste batzuk ere gauza bera egin zutela. Harrera-zentroko monitore bati (dagoeneko lanetik kendu dutena) eta Foru Aldundiari zerbitzuak eskaintzen dizkien pertsonei leporatu zien ardura poliziaren aurrean deklaratu zuen neskak. Gainerako kasuen gainean ez da daturik ezagutu.

Ikerketen ondorioz, duela egun batzuk Ertzaintzak psikologo bat atxilotu zuen, tarteka Diputazioarekin batera lan egin duena adopzio-kasuetan. Epailearen aurrean deklaratu ostean, hark espetxera bidali zuen sexu-abusuak egotzita.

Atxilotutako psikologoa ez da adin txikikoen zentroko langilea eta Diputazioak ez zituen bost adingabe horiek haren kontsultara bidaltzen; horrenbestez, Foru Aldundiak ez daki nola jarri zen harremanetan beraiekin.

Epaileak isilpeko sumarioa ezarri die kasuko ikerketei. Ikerketa-lan horietan zetroko adingabe gehiagori eta monitoreei deklarazioa hartu diete.

Gizarte Zerbitzuetako diputatuaren agerraldia

Beatriz Artolazabal Arabako Gizarte Zerbitzuetako diputatuak agerraldia egin du gaur eguerdian. Jakinarazi duenez, adin txikikoak 14 eta 17 urte bitartekoak dira, zentroan erregimen irekian daude eta "bizipen latzak"izan dituzten familietatik datoz.

Artolabazalen arabera, ez dute baztertzen ustez prostituzioan aritu diren bost neska-mutiko horiez aparte gehiago egotea; alabaina, gai horren sumarioa sekretupean dagoela esan du, eta ez dituela "Ertzaintza egiten ari den lanaren nondik norakoak ezagutzen".

Zehaztu duenez, adingabe batek zentroko langile bat ekintzetan ustez nahasita egoteagatik "identifikatu" zuenean, berehala baztertu zuten lanetik; dena dela, ezin izan du azaldu monitore hori zenbateraino dagoen nahasita kasuan, ezta zein den bere prozesu-egoera ere.

Zentroko langileei emandako azalpenetan, adingabeek ez zuten pertsona zehatz bat identifikatzerik lortu; aitzitik, poliziak egindako ikerketek eta hartutako deklarazioek azalarazi dute prostituzio-sarearen existentzia.

Gizarte Zerbitzuetako arduradunaren aburuz, ikerketa eta epailea izango dira auzian nahasita dauden erruduntasuna edo errugabezia erabakiko dutenak, eta ukatu egin du delituak Aldundiaren ardurapean dauden pisuetan gertatu izana.

Babes-neurriak

Bestalde, Artolabazalek azaldu du Diputazioa adingabeen gurasoekin harremanetan jarri dela "lasaitzeko eta adingabeak babeste aldera hartutako neurriak zein izan diren jakinarazteko". Horrez gain, behin senideekin hitz egin ostean, "babes-neurriak" (psikoterapeutikoak, osasunezkoak eta hezkuntzazkoak) hartu dituzte gazteentzat.

Azkenik, Sansoheta zentroko langileen "profesionaltasuna" nabarmendu nahi izan du, "beraiei esker egoera hau antzemateko gai izan baikara".

Clara Campoamor elkartea

Ustezko prostituzio kasua baieztatzen bada, Clara Campoamor elkarteak iragarri du akusazio partikular gisa aurkeztuko dela auzian. Aldi berean, Diputazioak egoera hori nola sortu den argitu beharko lukeela uste du, eta "huts egin ote duten kontrol mekanismorik" egon bada hala "erantzukizunak argitu" beharko lituzkeela.

Save the children

Bere aldetik, Save the Children adingabeen babesa bermatzea eskatu du, eta "adingabeen prostituzioa haurrenganako biolentzia adierazpen larrienetakoa" dela eta ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Delituak argazkiak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gasteiz Gaurko azken orduko albistea Arabako Foru Aldundia azken orduko albisteak