Gizartea -

MURTZIAN

Adingabeak sexu esplotaziorako erabiltzen zituen sare bat desegin dute

Ikerketen ondorioz, 29 biktima identifikatu dituzte Murtziako eta Santomerako (Murtzia) bi klubetan; horietako bi adingabeak dira.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia Nazionalak Facebook bidez adingabeak erakarri eta sexu esplotaziorako erabiltzen zituen sare bat desegin du Murtzian. Operazioan, zazpi pertsona atxilotu dituzte, taldeko ustezko burua artean.

Ikerketaren arabera, bi emakumezko sare sozialean jarduten zuten biktimen bila, eta haien adinaz eta premia egoeraz baliatzen ziren zerbitzari gisa jarduteko lana eskaintzeko, baina azkenean sexu esplotaziorako erabiltzen zituzten.

Gainera, itxura denez, taldeko ustezko buruak sexu harremanak izan zituen diruaren truke ikuskizun pornografiko batean parte hartzeko prest zeuden hiru adingaberekin.

Ikerketen ondorioz, 29 biktima identifikatu dituzte Murtziako eta Santomerako (Murtzia) bi klubetan. Horietako bi adingabeak dira, eta beste hamabost 18 eta 19 urte bitartekoak dira, baina adingabeak zirela hasi ziren esplotazioa pairatzen.

Ikertzaileen esanetan, taldeburuak bere ibilgailuan batzen zituen biktimak Santomerako klubera eramateko.

Hasierako fase batean, taldeko bost kide atxilotu zituzten: buruzagia (establezimendu bietako administraria zen); haren bikotekidea (adingabeak erakartzeko arduradun nagusia); buruzagiaren anaia (anaiari laguntzen zion); Santomerako burdeleko arduraduna (bezeroei dirua eskatzen zien nesken zerbitzuen truke); eta taldeko kide ohi bat (taxilari-lanak egin zituen nagusia gidabaimenik gabe geratu zenean).

Ondoren, seigarren pertsona bat atxilotu zuten, 'irakaslea' ezizenarekin ezagutzen den bezero bat, Murtziako establezimenduan hainbat adingaberekin sexu harremanak izatea leporatuta.

Ikerketa bukatutzat eman duen zazpigarren eta azken atxiloketa Facebook bidez biktimak erakartzen zituen bigarren pertsonarena izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Facebook Sare sozialak albisteak Gizartea Eguneko albisteak