Gizartea -
Trafikoa
Ertzain bat hil da N-1ean, Iruran, auto batek harrapatuta
Sindikatuek segurtasun neurri eza salatu dute, eta elkarretaratzea deitu dute astearte honetarako.
EITB.EUS
N-1 errepidean, Iruran, auto batek harrapatuta larri zauritu den ertzaina hil egin da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez. Zorigaiztoko ezbeharra 08:00ak aldera jazo da, Gasteizerako noranzkoan. Ibilgailu bat bidetik atera da minutu batzuk lehenago, eta agentea zirkulazioa bideratzen ari zenean, auto batek harrapatu du.
Ertzaina larri zauritu da, eta larrialdi zerbitzuek bertan artatu dute, baina 09:00ak aldera hil egin dela baieztatu dute.
Agenteak 54 urte zituen, eta Zarauzkoa zen.
Beste alde batetik, segurtasun neurri eza salatu dute Ertzaintzako sindikatuek. Halaber, segurtasun-arloan berariazko protokolorik ez izatea eta egunero erabiltzen duten lan-materiala egoera txarrean egotea kritikatu dute.
Era berean, Ertzaintzako prebentzio-ordezkariek (Erne, ELA, ESAN, SIPE, CCOO eta Euspel sindikatuek) elkarretaratzea deitu dute astearte honetarako, azaroak 15, Oiartzungo Ertzaintzaren instalazioen aurrean.
Lan-istripuaren berri izan ondoren zabaldu duten ohar batean segurtasun neurrien gabeziak, eta, bereziki, laguntzako bigarren patruilaren falta salatu dute sindikatuek.
Gainera, segurtasun neurrietan aldaketak egin izana eta segurtasun-arloan berariazko protokolorik ez izatea kritikatu dute.
Arrazoi horregatik, Lan Osasun eta Prebentzioko Arloari behingoz esku har dezan eskatzen diote, gertatutakoa zehatz-mehatz ikertu dadin eta Ertzaintzako langileen segurtasunari buruz duen ardura bere egin dezan.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Barne Sailari lankidearen heriotza lan-istripuz eta zerbitzu-egintzan izan dela lehenbailehen onartzeko eskatzen diote.
Ondorioz, ertzain guztiak astearte honetako elkarretaratzera gonbidatu dituzte, “denon ondoeza agertzera”.