Gizartea -
Ikerketa
Kirol monitoreen % 61ek ez dute prestakuntza egokirik
Eusko Legebiltzarrean kiroletako profesionalen jarduerarako legea lantzen ari dira.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko kirol monitore, entrenatzaile eta kirol zuzendarien % 61 prestakuntza egokirik izan gabe ari dira lanean, Lanbideen Legea urratuta. Gainera, horietako % 26k ez dute araudiak exijitzen duen 750 orduko lan-esperientzia pilatzen.
Eusko Jaurlaritzak eta Kirolaren Euskal Eskolak egin dute ikerketa, Euskal Autonomia Erkidegoko kirol jardueratan ari diren pertsonen prestakuntza maila eta lan baldintzak zeintzuk diren aztertzeko.
Ikerketak Heziketako Fisikoko irakasleak, kirol monitoreak, entrenatzaileak eta kirol zuzendariak hartzen ditu oinarri eta datuek agerian utzi dute, Heziketa Fisikoko irakasleen kasuan salbu, gainerako lanbideak profesionalizatu egin behar direla, 19.703 pertsona prestakuntza nahikorik gabe ari direlako lanean eta soilik % 30a bizi daitekeelako lanbide horretatik.
Trebakuntza barik ari diren langile horien gehiengoak (% 38) kirol federatuan dihardute; % 31k eskoletan; eta gainerakoek, kiroldegietan eta gimnasio pribatuetan.
Beste datu bat: kirolari lotutako lau profesio horietan emakumezkoak gutxiengo (% 26,7) dira.
Eusko Legebiltzarrean kiroletako profesionalen jarduerarako legea lantzen ari dira. Arau berriaren arabera, profesionalek hiru urteko epea izango dute trebakuntza egokia jaso dutela frogatzeko.
250 eurotik beherako soldata
Monitoreen artean, % 53 profesionalak dira eta % 46 boluntarioak dira. Entrenatzaileen kasuan, berriz, % 71 boluntarioak dira.
Soldatari dagokionez, % 62k 250 euro baino gutxiago kobratzen dute hilean; % 34k ez du diru nahikoa jasotzen, ezta lan horretan aritzeko gastuak ordaintzeko ere; % 12k soilik jasotzen du 1.000 eurotik gorako soldata.
Lanaldiari dagokionez, % 14k soilik egiten ditu astean 25 ordu baino gehiago; % 60k, berriz, 10 ordu baino gutxiagoko lan-astea dute.