Gizartea -

Gertakizuna

Jazarpena eta tiroak Basaurin, lapurreta baten ostean

Lau pertsonak ihes egin dute autoz ustez Urbi auzoko taberna batean lapurreta egin eta gero. Ertzain batek tiro egin behar izan du airera, haietako batek mehatxu egin baitio.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du gaur goizaldean Basaurin, Urbi auzoko taberna batean lapurreta egitea egotzita.

Dena 03:10ean jazo da. Ordu horretan, taberna batean lapurreta egiten ari zirela zirudiela ohartarazi dio herritar batek Ertzaintzari.

Patruila bat hara bertaratu da, eta lau pertsona ikusi ditu auto batean hainbat fardel sartzen eta ondoren abiadura handian alde egiten.

Hori horrela, ertzainak ibilgailu susmagarriaren atzetik joan dira, eta gelditzeko agindu diotenean, gidariak entzungor egin eta aurrera jarraitu du. Halaber, polizien autoa bidetik aterarazten saiatu da, maniobra bortitz bat eginez.

Azkenean, baina, ustezko lapurren autoa atera da bidetik, eta eraikin baten aurka talka egin du. Laurak ihesean joan dira, baina haietako bat atxilotu egin dute.

Gainera, ertzainetako batek tiro egin behar izan du airera, ustezko lapurretako batek mehatxu egin baitio eskuartean zuen objektu batekin.

Agenteek autoa miatu dute, eta barruan bi poltsa eta plasma telebista bat atzeman dituzte. Era berean, tabernan norbait indarrez sartu zela eta lokalaren barruan lapurreta egin zutela zirudiela egiaztatu zuten. Atxilotutakoa polizia-etxera eraman, eta hurrengo orduetan epailearen esku utziko dute.

Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da, beste hirurak identifikatu eta atxilotzeko. Halaber, Mungiako optika batean izandako lapurreta batekin zerikusia duten ere aztertzen ari dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea