Gizartea -

Emakumeen kontrako indarkeria

Genero indarkeriagatik jarritako salaketak % 17,7 igo dira Nafarroan

Aurten 924 salaketa jarri dira Nafarroan emakumeen kontrako indarkeriagatik, hau da, iaz baino 139 salaketa gehiago.

Nafarroako Gobernuak abian jarri duen sentsibilizazio-kanpaina. Argazkia: navarra.es
Nafarroako Gobernuak abian jarri duen sentsibilizazio-kanpaina. Argazkia: navarra.es
Nafarroako Gobernuak abian jarri duen sentsibilizazio-kanpaina. Argazkia: navarra.es

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2016ko urtarril eta irail artean 924 salaketa jarri dira Nafarroan emakumeen kontrako indarkeriagatik, hau da, 2015eko epe berean baino 139 salaketa gehiago (% 17,7 igo da).

Datu horiek Mertxe Leranoz Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak eman ditu. Nafarroako Gobernuak herritarren artean jokabide horien gaitzespena bultzatzeko kanpaina aurkeztu du Leranozek. Kanpaina berriaren bitartez, Gobernuak informazioa eta orientazioa eskaini nahi die emakume gazteei.

Salaketa jarri duen pertsonaren profil orokorrari dagokionez, 30 eta 49 urte bitarteko emakumea da, indarkeria fisikoa eta psikologikoa pairatu duena (% 54), espainiarra (% 65) eta Iruñean bizi dena (% 64).

Halaber, 14 eta 30 urte artean dituzten emakumeek 310 salaketa jarri dituztela esan du Nafarroako Gobernuak. Babes-sistemei dagokienez, Foru Komunitatean gaur egun genero-indarkeriaren biktimentzako Arreta eta Babesteko Telefono Zerbitzua (ATENPRO) erabiltzen duten 78 emakume daude, eta 811 Genero Indarkeria kasuen Jarraipen Integralaren Sistemaren barnean daude (VioGen Sistema), Barne Ministerioarena den zerbitzua.

Bestalde, erakundeek biktimentzako erabilitako baliabideei eta prestazioei dagokienez, berehalako arretarako Larrialdi Zentroak 135 kasu artatu zituen; 18 harrera-etxeetan artatu ziren eta 10, egoitza-pisuetan. Gainera, Tutera eta Lizarrako genero-indarkeriaren biktimei arreta osoa emateko taldeek 261 eta 162 emakume artatu zituzten, hurrenez hurren, irailaren 30era arte.

Gainera, azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna dela-eta Nafarroako Gobernuak prestatu duen kanpainaren berri eman du Leranozek. Foru Gobernuak genero indarkeriatik aske dagoen gizarte baten aldeko bere jarrera erakutsi nahi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Gaurko azken orduko albistea