Gizartea -

ofiziozko esku-hartzea

Arartekoa Arabako adingabeen ustezko sexu-esplotazioa aztertzen ari da

Aldundiak bere gizarte-zerbitzuen zaintzapean dituen adingabeak babeste aldera hartutako neurriak aztertzen ari da Arartekoa.

Sansohetako adin txikikoen zentroa. Argazkia: EiTB
Sansohetako adin txikikoen zentroa. Argazkia: EiTB
Sansohetako adin txikikoen zentroa. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arartekoak ofiziozko esku-hartzea abiatu du Arabako Foru Aldundiaren gizarte-zerbitzuen erabiltzaile diren adingabeei eragin dieten ustezko sexu-esplotazioko gertakarien aurrean Aldundiak hartu dituen neurrien nondik norakoak argitzeko asmoz.

Ohar baten bidez jakitera eman duenez, bere erabakiaren helburua da euskal agintariek hartutako neurriak ezagutzea, bereziki Arabako Foru Aldundiarenak, adingabeko horiek "eraginkortasunez babestuko direla bermatzeko".

Horren harira, Arartekoak  dagoeneko izan ditu zenbait kontaktu Arabako Foru Aldundiarekin eta elkarrizketa horien bidez, gertakariei lotuta erakunde horrek egindako jardueraren inguruko hasierako informazio zehatza jaso ahal izan du. Nabarmendu duenez, uneoro "lankidetza osorako eta gardenerako" asmoa jaso du Aldundiaren aldetik.

Horrez gain, gogora ekarri du Arartekoak ezin dituela legez ikertu "jarduera penalak edo jurisdikzio-egoitzetan ebatzi beharrekoak", kasu honetan gertatzen den bezala.

"Oso kezkatuta"

Arartekoa "oso kezkatuta agertu da" gertakari horien aurrean eta harremanetan jartzen ari da eskumena duten agintariekin, eskuragarri dagoen informazio guztia jaso eta gertatutakoaren gaineko zentzuzko ezagutza egiteko, zein "adingabeko horien aldeko babes neurriak egokiak eta nahiko direla balioztatzeko".

Izan ere, jarduera horren bidez herri-administrazioek hartutako neurriak ezagutu nahi ditu, bereziki gertakari horiek jakin direnetik, eragina zuzenean jasan duten adingabekoak babesteari dagokionez, zein foru-zerbitzuaren tutoretzapean dauden gainerako neska-mutilei dagokienez.

"Betebehar osoa"

Zentzu horretan, Arartekoak uste du beharrezkoa dela azpimarratzea gai horretan esku-hartzen duten pertsonek beraien esku dagoen guztia egiteko betebehar osoa dutela, aztertze bidean diren delituzko jokabideen biktima izan diren adingabekoen identitatea publikoki ezagutu ez dadin.

Azkenik, gogoratu du bere erakundeak babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabeei emandako harreraren jarraipen estua egiten duela. Azken urteetan, "bereziki aztertu ditu jokaera arazo larriak dituzten nerabeei zuzendutako programak, horretan aritzen diren profesionalen jarduteko modua eta zerbitzu horiek bizi dituzten zailtasun eta arazoak zuzenean eta bertatik bertara ezagutuz". Arartekoak Eusko Legebiltzarrari jakinarazi dizkio egindako azterketa horietatik ateratako ondorioak, urteroko txostenen bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Ararteko berriak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Arabako Foru Aldundia