Gizartea -
Urrira arte
Gazteen arretarako telefonoan % 40 kontsulta gehiago egin dituzte
Urtea hasi denetik Zeuk Esan zerbitzuaren 116111 telefonoan 608 dei jaso dituzte. Urteko 365 egunetan martxan dagoen zerbitzua da, doakoa, anonimoa eta ez du arrastorik uzten telefono fakturan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gazteen arretarako Zeuk Esan zerbitzuko 116111 telefonoan 608 dei jaso dituzte urrira arte, iazko epe berean baino % 40 gehiago –307 dei izatetik 608 dei izatera–. Jaurlaritzako ordezkarien esanetan, zerbitzua geroz eta ezagunagoa izateak eragin du igoera hori.
Azaroaren 20an ospatuko den Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira, Cristina Uriarte eta Angel Toña sailburuek Zeuk Esan zerbitzuko 116111 telefono-zenbakian arreta eskaintzen duten profesionalen lana nabarmendu dute.
Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak azaldu duenez, esparru pertsonalarekin, familiarekin, hezkuntzarekin, osasunarekin, kulturarekin eta aisialdiarekin lotutako kontsultak egiten dituzte.
Zerbitzua adin txikikoei laguntzera zuzenduta badago ere, 116111 telefonoan helduen deiak ere jasotzen dira; hala nola, gurasoenak, familiakoenak, irakasleenak, arautu gabeko irakaskuntzako profesionalenak eta/edo monitoreenak, eta haurtzaroarekin eta nerabezaroarekin lotzen diren gainerako pertsonenak.
Jasotako deien % 42 berdinen arteko jazarpenari buruzkoak (bullying) izaten dira, deien % 12 ondoez psikologikoari lotutakoak izaten dira eta lagunen edota senideen arteko liskarren inguruko deiak ere izaten dira.
Dei gehienak adin txikikoen deiak dira –hiru deitatik ia bi–, batez ere 12 eta 15 urte artekoenak, eta gainerako deiak helduek egiten dituzte, batez ere, bullyingarekin arduratuta dauden amek.
Urteko 365 egunetan martxan dagoen zerbitzua da, astegunetan, goizeko bederatzietatik gaueko bederatzietara; asteburu eta jaiegunetan, eguerditik arratsaldeko zortzietara.
Telefono zenbakiaz gain, Zeuk Esan zerbitzuak beste komunikazio-bide batzuk ere baditu: webgunea); blogak (bat adin txikikoentzat eta beste bat haurren eta nerabeen inguruko helduentzat: ; YouTubeko kanal bat (); Twitter kontu bat eta Facebook kontu bat eta newsletter bat. Horrez gain, zerbitzuaren konfidentzialtasuna goraipatu dute; izatez, 116111 telefonora egiten diren deiak doakoak eta anonimoak dira, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.
Bestalde, Zeuk Esan zerbitzuak kasuak Euskal Autonomia Erkidegoan haurrei eta gazteei zuzendutako baliabide nagusietara bideratzeko eta baliabide horiekin koordinatzeko aukera du.