Gizartea -

San Joan gaua

San Joan suak: Zeintzuk ikusi?

Bilbon bertan behera utzi dute Artxandako Akelarrea, baina beste hainbat herritan ohi bezala ospatuko dute San Joan gaua.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur San Joan gaua da, eta horrenbestez, tradizioak ezartzen duen bezala, sutzarrak piztu beharra dago, izpiritu maltzurrak aldentzeko eta udari ongietorria emateko helburuz. Nolanahi ere, aurten, ospakizunak bertan behera utzi dituzte herri batzuetan, Udaletan egindako murrizketen ondorioz.

Bilboren kasua da hori, aurten ez baitute egingo Artxandako Akelarre ospetsua.

Alabaina, hainbat herritan aurrera egingo dute ospakizunekin. Muskizen (Bizkaia), adibidez, 3.000 zuzi banatuko dituzte, ''Sanjoanodromo''ra joateko.

Barakaldon, Udalak zirkua eta sua uztartuko dituen ikuskizuna antolatu du gaurko. Horretan, hainbat artistak akrobaziak egingo dituzte. Anaien parkean izango da.

Mundakan, umeek Sorgintxi erraustuko dute arratsaldean hondartzan, eta helduek berdin egingo dute Sorginarekin gauerdian Talaian.

Bermeon, sutzar batek hasiera emango dio festari, eta bihar erromeria egingo dute Gaztelugatxeko Donienen.

Gasteizen suak piztuko dituzte Arriaga parkean eta Judizmendin.

Labastidan traktoreek lata eta metal zaharrak arrastatuko dituzte, eta Agurainen gazteek makal bat landatuko dute San Joan plazan. Ondoren, dantza egingo dute haren inguruan.

Gipuzkoan San Joan gaua ospatu nahi dutenek hainbat aukera dituzte, hala nola Eibarren queimada edatea edo Tolosan erromerian dantzatzea.

Nafarroan ere suteak egingo dituzte, hala nola Uharte-Arakilen eta Burgeten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea