Gizartea -

Garraio berezia

Megakamioia, azkenean Nafarroan

Bart Etzegaratetik atera eta Zuastiko ordainlekura (A-15) heldu da goizean. Baimenak faltan, 10 egun eman ditu konboiak Gipuzkoan.

Nafarroako errepideetatik ibili da bart megakamioia. Argazkia: EiTB
Nafarroako errepideetatik ibili da bart megakamioia. Argazkia: EiTB
'Megakamioia' Zangotzara bidean da

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ia 100 metro luze dituen kamioitzarrak Gipuzkoa utzi du azkenean, eta Nafarroako errepideetan barrena ibili da bart. Asteleheneko 23:00etan atera zen Etzegaratetik eta Zuastira (A-15, Nafarroa) dauden 46 kilometroak egin ditu bost ordutan, Foruzaingoak jakinarazi duenez.

A-1, A-10 eta A-15 errepideetatik ibili da 15 km/h-ko abiaduran, eta 05:30ean heldu da Zuastiko ordainlekura. Aurreikuspenen arabera, ostegunean helduko da helmugara, Zangozara.

Foruzaingoak jakinarazi duenez, ibilbidea arazo barik egin du garraio bereziak, eta Trafiko Saileko 20 bat agente izan dira zirkulazioa bideratzen (hainbat lekutan, kontrako noranzkoan ibili da kamioitzarra).

Gaur, Zuastitik Pirinioetako Autobiako (A-21) lotunera

Gaur gauean Zuastitik aterako da kamioia eta A-21eko (Pirinioetako Autobia) lotunera arteko bidea egingo du. Ondorioz, eragozpenak izango dira Iruñeko ingurabidean.

 

 

Megakamioia Pasaiatik abiatu zen azaroaren 15ean, Zangoza helburu. Nafarroako errepideetan ibiltzeko baimenik ez zuela eta, 10 egun eman ditu Etzegarateko gainean.

Kamioitzarra Japoniatik bidali duten haize-sorgailu erraldoi baten makineria-kaxa eramaten ari da. Alabaina, megakamioiaren ezohiko neurriek (94,81 metroko luzera, 6,5 metroko zabalera, 5,3 metroko altuera eta 514,4 tonako pisua) izugarri zailtzen dute pieza hori garraiatzeko lana. Ezinbestekoa da garraio bereziak igaroko dituen bideak aurretik aztertzea, ibilbiderik egokiena hautatzeko, eta hori guztia txosten tekniko batean jasotzea. Txosten hori egiten egon da egunotan Nafarroako Lan Publikoen Zuzendaritza.

Duen luzeragatik, biribilguneak eta errebueltak hartzeko zailtasunak ditu konboiak, eta ibilbidea planifikatzeko zailtasunak atzeratu omen du Gobernuaren txostena.

Zangozara heltzean, hainbat proba egingo dizkiote haize-sorgailuari, ziurtagiria eman ahal izateko. Horiek amaituta, Pasaiara eramango dute berriro bueltan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea bideoak Nafarroako Gobernua berriak Merkantzia-garraioari buruzko albisteak