Gizartea -
Bizkaia
Jagole bat atxilotu dute Barakaldon bi adinekori bitxiak osteagatik
Atxilotuak Ezkerraldean zaintzen zituen mendetasun bat duten pertsona horiek. Guztira 3.000 euro inguruko balioa dute horiei ostutako objektuek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak 56 urteko jagole profesional bat atxilotu du Barakaldon (Bizkaia), mendetasuna duten bi adineko emakumeri ebasketa delitu jarraitua egin izana egotzita. Atxilotutako emakumeak Ezkerraldean zaintzen zituen adinekoak, eta guztira 3.000 euro inguruko balioa duten bitxiak ostu zizkien.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Barakaldon urrea salerosten duen lokal batean egindako ohiko ikuskapen batean ohartu zen Ertzaintza horretaz.
Agenteek umeen urrezko hiru eskumuturreko aurkitu zituzten, eta horietan grabatuta zeuden inskripzioei esker identifikatu ahal izan zuten horien jabea. Orduan ohartu zen adinekoa lapurretaz. Balio handiko objektuak bitxien jabearen amaren etxetik lapurtu zituzten, Ezkerraldeko adineko emakume baten etxetik, hain zuzen ere.
Atxilotuak ordu batzuetan zaintzen zuen adinekoa, enpresa espezializatu baten bitartez.
Ertzaintzaren ikerketaren arabera, emakume horrek hamaika bitxi saldu zituen guztira (3.000 euro inguruko balioa duten urrezko eskumuturreko, eraztun eta belarritakoak), metal preziatuak salerosten diren zenbait establezimendutan.
Gainerako bitxiak orain atxilotu duten emakumeak zaintzen zuen beste adineko batekin lotu ahal izan dituzte ikertzaileek.