Gizartea -
Jaurlaritzak
3.000 euroko isunak jarriko dizkiete erretzen uzten duten tabernariei
Ez erretzaileen eskubideak bermatzeko kanpainia berezia egingo du Jaurlaritzak astelehenetik aurrera.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak 3.000 euro arteko isunak jarriko dizkie tabakoaren aurkako legea betetzen ez duten taberna eta jatetxeei. Gobernuaren Lege berri honek toki publiko itxietan erretzea debekatu egingo gu udazkenetik aurrera.
Gemma Zabaleta Gizarte Gaietako sailburuaren hitzetan, ez erretzaileen eskubideak aitortzea eta osasuna babestea da Jaurlaritzaren helburu nagusia. Izan ere, astelehenean hasiko da ez erretzaileen eskubideak aldarrikatzeko kanpaina berezia. ''Tabakorik gabeko airea. Aire osasungarria, aire, aire!'' da egitasmoaren leloa. 200.000 euro erabiliko dituzte kanpaina hedatzeko.
Zabaletaren esanetan, "hasierako isunak altuak" izango dira. Jaurlaritzak tabakoa "alkoholarekin parekatu" dituela azaldu du sailburuak. Ondorioz, legez kanpoko salmenta eta publizitatea zigortu egingo ditu Patxi Lopezen Gobernuak.
Tabakoaren aurkako egitasmoa datorren hilabetean onartuta egotea espero du Zabaletak. "Kerik gabeko Euskadi" bat lortzea da bere helburu nagusia. Udatik bueltan indarrean izango da toki publiko itxietan erretzea debekatuko duen lege berria, Estatukoarekin batera.
Euskal Autonomia Erkidegoan, 10 pertsonetatik 7 ez erretzaileak dira (bi puntu jaitsi da azken bi urteetan erretzaile kopurua). Biztanleen % 29ak egunero erretzen du, eta % 5ak, berriz, noizean behin.