Gizartea -
Nafarroa
Megakamioia ostegunean ailegatuko da helmugara, Zangozara
Nafarroan barrena hirugarren eta azken etapa egingo du gaur gauean: Judasen Bentatik Zangozara.
Agentziak
Ordu batzuk baino ez, horixe geratzen zaio megakamioiari helmugara, CENER Energia Berriztagarrien Espainiako Zentrora (Zangoza, Nafarroa), iristeko. Azaroaren 16an atera zen Pasaiatik (Gipuzkoa) ia 100 metro luze den kamioitzarra.
Astiro (15 km/h-ko abiaduran) baina etenik gabe egin zuen Gipuzkoako ibilbidea. Nafarroako erkidegora sartzeko unean etorri ziren arazoak. Konboiak 10 egun eman zituen Etzegaraten, ez atzera ez aurrera, Nafarroatik ibiltzeko baimenak faltan zituelako. Asteartean abiatu zen berriro.
Japoniatik ekarritako airesorgailu bat daraman megakamioiak bigarren etapa egin du bart Nafarroako lurretatik, "arazo barik", Foruzaingoak zehaztu duenez.
Zuastitik atera da eta Judasen Bentara (A-21 eta N-240 errepideek bat egiten duten puntua) dauden 50 kilometroak egin ditu.
Kamioitzarrak ikusmin handia sortu du, eta asko izan dira ibilbidean zehar kalean izan diren herritarrak. Berriozarren drone batekin grabatu dute.
Herritar andana, kamioitzarra ikusten. EFE
Foruzaingoaren hainbat patruilak lagundu dute konboia bigarren etapa horretan, eta hainbat puntu korapilatsu igaro ditu: Ezkirotz eta Noain arteko zatian seinaleak kendu behar izan dituzte, eta Iruñeko ingurabidean zirkulazioa eten dute.