Gizartea -
Zirkulazioa
Bi pertsona hil dira Berrizen eta Garden izandako auto-istripuetan
Bizkaian 22 urteko emakume bat hil da eta gizonezko bat larri zauritu bi autok parez pare talka eginda. Nafarroako udalerrian, berriz, auto bat errepidetik irten eta kopilotua hil egin da.
Erredakzioa
Gaur goizean euskal errepideetan izandako bi auto-istripuetan bi pertsona hil dira, Berrizen (Bizkaia) bata eta Garden (Nafarroa) bestea.
Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, Berrizen, BI-633 errepidean, istripua izan da 05:40an. Bertan, Citroën ZX batek eta Mercedes Benz E270 batek aurrez aurre jo dute elkar. Ondorioz, gidarietako bat autotik irten ezinik geratu da eta bestea, larri zaurituta. Zauritua, 59 urteko berriatuar bat, ospitalera eraman dute, anbulantziaz. Beste gidaria, 22 urteko markinar bat, burdin artean harrapatuta geratu da, eta suhiltzaileen laguntza behar izan dute ateratzeko. Bertan hil da. Gorpua Bilboko Auzitegiko Institutura eraman dute.
Gizon bat hil da Nafarroan
Foru Gobernuak jakitera eman duenez, ordu horretan ibilgailu bat bidetik atera da Gardetik Ansora doan NA-176 errepidearen 2. kilometroan, eta errepide bazterrean dagoen eraikin bat jo du. Ondorioz, pilotukide zihoan laguna hil egin da. Izabako bi mediku bertaratu dira ezbeharra gertatu den lekura, baina ez dute ezer egiterik izan, zauritua ezbeharra izan eta minutu gutxira hil baita.
Gidaria, 33 urteko gizonezko bat, arin zauritu da eta SOS Nafarroak bidalitako anbulantzia batean eraman dute osasun zentro batera.