Gizartea -
Ezbeharra Castelldefelsen
Lurpeko bidea 'jendez lepo' zegoen, lekukoen arabera
Lekuko baten testigantzaren arabera, "lurpeko biderantz joan ziren gazteak, baina oso estua denez, berehala bete zen. Orduan, jende uholdea bat trenbidean sartu zen."
Erredakzioa
Marcelo Cardona, Castelldelfelseko tren istripuaren lekuko batek baieztatu duenez, lurpeko bidea "jendez lepo" zegoen eta ezbeharra jazo baino segundo batzuk lehenago, hondartzara zihoan "jende uholde batek trenbidera jauzi egin zuen".
"Trenaren klaxona hainbatetan entzun zen eta hiru segundotan... dena gorpuz josia zegoen, oihuak eta estutasuna nagusi zen", kontatu du.
"Ni familiarekin batera nihoan eta ateak ireki zituztenean atzerago geratu nintzen. Gazteak lurpeko biderantz joan ziren, baina oso estua denez, berehala bete zen. Orduan, jende uholdea bat trenbidean sartu zen. Konboia abiadura bizian heldu zen, hainbatetan klaxona jo zuen eta handik hiru segundora, dena gorpuz bete zen", azaldu du.
Lekuko horren arabera, "lurpeko bide estu" hori zen hondartzara joateko tren geltokia zeharkatzeko leku bakarra. Izan ere, geltokiko pasagunea –gaineko pasabide bat- itxita zegoen "eta nik ez nuen ikusi lurpeko bidea seinaleztatuta zegoenik", zehaztu du.
Onik atera zen bidaiarietako baten hitzetan, bidaiari gehienak Sant Joaneko festara zihoazenez, biktimen trena beteta zetorren eta horiek jaisterakoan "hondartzara joateko euforia lehertu zen".
Aldiriko treneko bidaiari ia guztiak hondartzara zihoazen gazteak zirela azaldu du Marcelo Cardonak, eta bagoietan hain estu bidaiatu zutenez, "ur olatu bat bezala" atera ziren nasarantz, eta segituan, "bidaiarien % 70 trenbidera jaitsi zen hori gurutzatzeko".
"Kolpeak entzun ziren lehenengo; jende guztia oihuka, negarrez eta shock egoeran zegoen", kontatu du Cardonak. Orduan, "elbarriak, hil zorian zegoen jendea eta jada 12 hildakoak eta 13 zaurituak botata zeuden trenbidean odol asko ikusi nuen".