Gizartea -

Tren batek harrapatu ditu

Generalitateak 13ra igo du Castelldefelsen hildakoen kopurua

13 biktima horietatik zortzi identifikatu dituzte dagoeneko, zazpi gizon eta emakume bat. Gainerako bost hildakoak bi gizonezko eta hiru emakume dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegiko medikuek hildakoen gorpuzkiei egindako azken azterketen arabera, 13 lagun hil dira Castelldefelseko tren istripuan, Monsterrat Tura Generalitateko Justizia kontseilariak gauean jakitera eman duenez.

Orain arte ezbeharrean 12 lagun hil eta beste 14 zauritu zirela jakinarazi dute. Zauritu horietatik 10 ospitalean dira oraindik.

13 biktima horietatik zortzi identifikatu dituzte dagoeneko, zazpi gizon eta emakume bat. Gainerako bost hildakoak bi gizonezko eta hiru emakume dira, Turak azaldu duenez.

Gorpuzkiak sakabanatuta eta, era berean, nahasita egon dira, horrek azterketak eta identifikazioak egiteko orduan zailtasunak jarri ditu. Horregatik, biktimen kopurua 12 izatetik 13 izatera pasa da, Turak esan duenez.

Horregatik oso zaila izan da hildakoak 13 zirela zehaztea, eta ez 12, hasiera batean jakitera eman zuten bezala, kontseilariak agerraldi labur batean azaldu duenez.

"Arduragabekeria"

Castelldefelseko tren geltokiko ezbeharra "arduragabekeria" baten ondorio izan litekeela esan du gaur Jose Blanco Sustapen ministroak. Lur azpiko pasagunea erabili gabe trenbidea zeharkatzea "zuhurtziagabekeria" izan zela adierazi du ministroak.

"Autobia bat ezin daitekeela zeharkatu dakigu guztiek, eta zuhurtzia berdinarekin jokatu behar dugu trenbide batean", esan du Sustapen ministroak kazetarien aurrean, geltokian. Blancok ez du galderarik onartu.

Geltokia bisitatu eta tuneletik pasatu ostean, pasagunea araudia betetzen duela ziurtatu du Blancok. Biktimen senitartekoei elkartasuna adierazi die ministroak. Agintaria Auzitegi-medikuntzako Institutura joango da. Autopsiak bertan egiten ari dira.

13 hildako

13 pertsona hil egin dira bart Castelldefelsen (Bartzelona), gehienak gazteak, tren batetik jaitsi ondoren beste batek harrapatuta.

Halaber, gutxienez 14 pertsona zauritu dira, eta horietako hiru oso larri daude. Lau, baina, ospitaletik atera dira jada.

45 urteko emakumezko bat izan ezik, gainerako zaurituak 16 eta 26 urte artekoak dira. Gorpuen identifikazioa ostiralera arte luzatuko da. Biktimen lagunak eta senideak Frederic Mompou zentrora heltzen hasi dira.

Freddy Arellana Ekuadrorreko kontsulak adierazi duenez, istripuan hildako edo desagertutako bost lagun ekuadortarrak izan daitezke.

Arellanak ezbehar honen ondorioz desagertutako senideak dituzten familiekin hitz egin du eta "jur jota" daudela jakinarazi du.

Lekukoak aipatuta EFE agentziak informatu duenez, trenbidea behar ez den leku batetik zeharkatzen ari ziren tren batek harrapatu dituenean. Biktimak Bartzelona-Vilanova i la Geltru trenean iritsi dira Castelldefelsera, eta San Joan gaueko ospakizunetara joan asmo zuten. Geltokian bertan jazo da ezbeharra.

Aipatu iturrien arabera, trenbidea behar den lekutik zeharkatu beharrean, beste batetik egin dute, eta une horretan Valentzia-Bartzelona bidea egiten ari zen trena etorri eta harrapatu egin ditu. Bigarren trena abiadura handian zihoan, gainera, Castelldefelsen ez baitu geltokia.

Kataluniako Auzitegi nagusiak adierazi duenez, trenaren kotxa beltza Gavako auzitegiaren dago.

Biktimak harrapatu dituen trenaren gidariak 0,0 eman du alkoholemia proban, eta shock egoeran dago.

Lur azpiko pasagunearen egoera

Joan Saurak berak eta Joan Sau Castelldefelseko alkateak azaldu dutenez, geltokiak bi pasagune ditu oinezkoentzat: Lur azpiko bat eta trenbide gaineko beste bat. Azken hori, baina, itxita zegoen obrak direla eta, baina ondo seinalatuta zegoela ziurtatu dute.

Lekuko baten hitzetan, biktimak zihoazen trena geltokira heltzean, gazteak lur azpiko pasagunera joan ziren hasiera batean, "baina oso estua da eta berehala bete zen". "Orduan jende asko trenbideetara joan zen", gaineratu du.

SER irrati-katean egindako elkarrizketa batean, Jose Montilla Kataluniako Gobernuko presidenteak adierazi du "ikertu" egin beharko dutela hori, hau da, "lur azpiko pasagunea aztertu eta kolapsatu ote zen egiaztatu". Nolanahi ere, zuhurtzia premiazkoa dela eta, bizitza arriskuan jarri baino lehen, "minutu batzuk itxarotea" hobe dela gogorarazi du.

Alkateak ziurtatu du geltokiak bete egiten dituela pasaguneen segurtasun neurri guztiak.

Hiru ikerketa

Adif eta Renfe enpresek bi ikerketa egingo dituzte, eta Gaveko epaitegiak beste bat zabaldu du prozesu judizialaren harira. Honenbestez, hiru ikerketa tragediaren zergatiak argitzen saiatuko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea