Gizartea -
Rouengo kanibala
30 urteko zigorra bere zigor-gelakidea jan zuen kanibalarentzat
Nicolas Cocaign 'Rouengo kanibalak' epaiketan esan duenez, "kuriositateagatik egin nuen. Gustatu zitzaidan egin nuena".
Erredakzioa
Frantziako Justiziak 30 urteko kartzela zigorra ezarri dio Nicolas Cocaigni, ''Rouengo kanibala'' bezala ezagunagoa denari. Presoak bere zigor-gelakidea hil eta bere biriken zati bat jan zuen.
Astelehenean hasi zen epaiketan, Cocaignek adierazi zuenez, egin zuenarekin gozatu egin zuen. "Giza haragiak kutsu ona dauka. Oreinarena bezala, xamurra da oso. Gustatu zitzaidan egin nuena" esan zuen Tribunalaren aurrean.
Bere agerraldian, 31 urteko Thierry Baudry nola hil zuen azaltzerakoan, xehetasun beldurgarri gehiago ere eman zituen. Eskuak garbitzera joan zedin esan zionean, gaizki begiratu omen zion, eta momentu horretan ezin izan zuen bere sena kontrolatu. "Adrenalina igoera bat" eduki zuen, eta bere gainera salto egin zuen, gorputz guztia kolpatuz eta guraize batzuk sastatuz. Hilda zegoela ziurtatzeko azkenik, zabor poltsa batekin ito zuen. Baina okerrena ondoren etorri zen. Bere kontakizunaren arabera, afalorduan bizar-xafla batekin bularra zabaldu eta ustez bihotza zena hartzea pentsatu zuen. Birika puska bat hartu zuen ordea, eta horixe bera jan.
Birikaren zati bat gordinik jan zuen, eta beste zatia sukaldean prestatuta. "Kuriositateagatik egin nuen. Giza haragiak zein kutsu zuen jakin nahi nuen. Tipula eta arroz pixka batekin prestatu nuen, eta ondoren jan", esan zuen.
Eszena makabro honen testigu izan zen beste zigor-gelakidea. Hasiera batean konplizitateagatik salatu bazuten ere, azkenean absolbitu egin zuten. Handik pixka batera, espetxean bertan bere buruaz beste egin zuen.