Gizartea -
Gertaera
Bi atxilotu Donostian, 150 grafiti baino gehiago egitea leporatuta
Pintadak zenbait eremu publikotan egin dituzte, baita Groseko, Sagueseko eta Herrerako hainbat etxebizitzatan ere.
Agentziak | Erredakzioa
Bi gazte (bietako bat adingabea) atxilotu dituzte Donostian, Gros eta Herrera auzoetan 150 grafiti baino gehiago egitea egotzita, Udaleko iturrien arabera.
Joan den asteazkenean, herritar batek udaltzainei abisatu zien 11:30ean, zenbait gazte Sagueseko horma batzuetan grafitiak egiten ari zirela ohartarazteko.
Hainbat udaltzain bertaratu ziren, eta zonaldeko pintadei jarraituta, Jose Elosegi alkatearen etorbidera iritsi ziren, eta han hiru gazte "grafitiak egiten ari zirela" harrapatu zituztela azaldu dute iturriek. Batek ihes egin zuen arren, beste biak atxilotu zituzten. Aerosolak eta margoak atzeman zizkieten.
Atxilotuetako bat epailearen aurrera eraman zuten eta bestea, 16 urtekoa, Adingabekoen Fiskaltzaren esku utzi zuten. Biak aske utzi zituzten deklaratu eta gero.
Joan den azaroaren 23an beste hiru gazte identifikatu zituzten, Gipuzkoako hiriburuko grafitigile "aktiboenak" izatea leporatuta. Horietako batek 131 aerosol-pote lapurtu zituen Manteo Zubiri institututik. 2016ko Donostiako Hiriburutza Kulturalak antolatutako Street TarArt ekintzan erabili behar zuten materiala zen.